Irunberriko Udalaren elkarrizketarako borondate falta salatu dute Erika Herriguneko kideek
Igandean egindako agerraldian Irunberriko Udalak elkarrizketarako borondaterik ez duela jakinarazi zuten Erikako kideek. Udalarekin elkarrizketak berrartu bitartean, espazio autogestionatuan jarraitzea erabaki dute.
2019-ko abenduak 30
Abenduaren 24an okupatu zuten Irunberriko hainbat gaztek erabilpenik gabeko eraikin publiko bat. 2018ko udaran hasi ziren lokal baten eske, baina udalak jaramonik egiten ez ziela azaldu dute gazteek. Erika Herrigunea gazteen iniziatibaz sortutako espazioa izan arren, adin guztietako herrikideek euren ekimen eta proiektuak garatzeko espazioa izatea da helburua.
Eraikina txukuntzen egon dira azken egunetan eta igandean azken egunetako gertakarien berri emateko agerraldia egin zuten. Azaldu zuten moduan, okupazioa eta bi egunetara, Foruzaingoa agertu zen Erikan eta eraikinaren kanpoaldean zeuden bi lagun identifikatu zituen. Hurrengo egunean, Irunberriko Udaleko hiru ordezkari bertaratu ziren errekerimendu batekin. Erika Herriguneko kideek azaldu dutenaren arabera, udal ordezkariei elkarrizketarako borondatea adierazi zieten une hartan. Ordezkariek, ordea, okupazioarekin elkarrizketak eten izana leporatu zieten Erikako kideei. Irakurritako oharraren bitartez Erika Herriguneko kideak elkarrizketarako duten borondatean berretsi dira: “Inoiz baino borondate handiagoa daukagu haiekin batera egoera eta aukerak aztertzeko eta konponbide bat aurkitzeko”. Instantzia bat aurkeztu berri dutela gaineratu zuten. Erikan geratzea eta espazioari “bizitza emanez” jarraitzea erabaki dute gazteek.