Azken lan istripua salatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo Antsoainen, gaur berriz Arrotxapean

Antsoaingo industria eraikin bateko teilatuan egokitze lanak egiten ari zen 46 urteko langile bat zendu zen astelehenean izandako istripuaren ondorioz. Zazpi metroko altuera batetik erori zen. Aurten, 40 langile hil egin dira lanean Euskal Herrian; horietatik 14 Nafarroan. Istripu hauen atzean prekarietatea dagoela salatu zute atzo Antsoainen. Gaur, ekitaldi bat eginen da Arrotxapean.

2019-ko urriak 17

Duela bi aste, antzeko beste lan heriotza bat gertatu zen Burlatan, Erripagainan, eraikuntza lanetan ari zen langile bat bosgarren solairu batetik erori eta gero. “Bistan da istripu hilgarri hauek ez direla kasualitate hutsa. Lan istripu guztiak ekidin badaitezke, altueratik erori ondoren gertatutakoak are eta gehiago, kasu honetarako segurtasun neurri egokiek ez baitute halakorik ahalbidetzen. Segurtasun falta eta prekarietatea dira eraikuntza sektorearen ezaugarrietako bi, eta, batuta zein banaka, heriotza dakarte”, salatu zuten atzo Antsoainen manifestariek.

Istripu hauek eta prekarietatearen aurkako erantzun sozial bat antolatzeko beharra azpimarratu zuten, eta zentzu horretan, gaur Arrotxapean (auzo honetako bizilaguna zen hildako langilea), kontzentrazio bat eginen da, langile klaseari eskeinitako eskulturaren aurrean, arratsaldeko 19.00etan.

Hildako langilearen lagun eta senideei elkartasuna adierazteko eta lan istripu hau salatzeko, Antsoaingo Udalak 2 eguneko dolua egin ditu.

Gehiago