Hatortxurock 23: 17 talde eta dj bat “maitasunaren apologia” egiteko

Abenduaren 28an Atarrabian ospatuko den euskal preso eta iheslariekiko elkartasun jaialdiko arduradunek aurtengo hitzorduaren kartelaren berri eman dute: Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy igoko dira oholtzara.

2019-ko urriak 2

Hatortxu Rockek 23. edizioa abenduaren 28an ospatuko da Atarrabian. Aurtengo leloa, “Maitasunaren apologia” izanen da. Gaur oholtza gainean izango diren taldeak eta 23. edizio honek dakartzan berritasunetako batzuk aurkeztu dituzte.

Nahiz eta bere 23. edizioa izan, duela 20 urte jaio zen Hatortxu Rock espainiar eta frantziar estatuek martxan duten urruntze eta dispertsio politikari aurre egiteko eta euskal preso politikoen senideei babesa erakusteko. “2019 honetan, Euskal Herriak, gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman beharko lituzkeen honetan, ordea, egoera herri honek behar duenetik urrun dago oraindik”, gogoratzen dute. Izan ere,  oraindik 249 euskal preso politiko daude espetxean eta horietako lau daude soilik Euskal Herrian. 205 espainiar Estatuko 40 espetxe ezberdinetan daude: 134 (eta lau haur) etxetik 1.100 eta 600 kilometrora bitarte, 41 (eta haur bat) 590 eta 400 kilometrora bitarte eta 30, 390 eta 100 kilometrora bitarte. Frantziar Estatuan dauden 37 presoetatik 9 daude 1.100 eta 600 kilometroko distantziara eta 28, 390 eta 100 kilometro artera. Hamaika deportatu eta iheslari ere badaude, oraindik orain.

“Iraganera giltzapetu nahi gaituzte eta aurrera pausoak eman beharrean, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen eskubideei ere eraso egin nahi diete. Azkena, etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ere ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute”. Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek. “Senideei maitasuna adierazteko eskubidea, lagunari maitasuna adierazteko eskubidea, espetxean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea, etxera bidean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea edo deserrian dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea. Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28an Hatortxu Rocken biziko duguna”, aurreratu dute.

23 edizio eta berritasun ugari
Hala, egoerak bultzatuta eta elkartasuna eta maitasuna inoiz baino beharrezkoak direla sinetsita, ahaleginean aurrera pauso bat ematea erabaki du Hatortxu Rockek. Hori dela-eta, aurreko urteetan 11 edo 12 talde igotzen baldin baziren oholtza gainera, aurten 18 izango dira Hatortxuren mezuarekin bat eginez elkartasun gaua gidatuko dutenak.
Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimyk osatuko dute aurtengo eskaintza.

Talde guztien inguruko informazioa Hatortxurock.eus webgunean topa dezakezue. Aipatzekoa Oi! The Arrase Mallorkako taldea Hatortxun izanen dela 20 urte eszenatokietatik kanpo egon ostean. Baita Iheskidek ere, hainbat urteren ostean, oholtzan itzultzeko hartutako erabakia ere. Era berean, Rotten XIIIko lagunek ere parte hartuko dute HTX23an. Urtarrilean lan-istripu batean zendu zen Javi Fernandez baxu-jolea eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak hustu asmoz Atarrabian izanen dira.

Eta guzti hau posible egiteko apostua handituko du Hatortxu Rockek. Aurrekoetan bi eszenatokitan banatzen baziren kontzertuak, aurtengoan gune berri bat eta hirugarren oholtza bat izanen ditu elkartasun jaialdi honek.

Sarrerak
Gaur bertan jarriko dira sarrerak salgai. Oraingoz, internet bidez eros daitezke. Eta laster ere ohiko puntuetan izango dira eskuragarri. Aurretiko salmentan prezioa 20 eurokoa izanen da eta egunean bertan, oraindik ere sarrerak izanez gero, 25 eurotan.

Gehiago