PSNk Maya alkate bihurtzen badu Iruñeko aldaketaren aldeko herritarrek ez dutela barkatuko esan du EH Bilduk

Iruñeko Udal Plazan eskeinitako agerraldi jendetsu batean, Aldaketak ekarritako aurrerapenak defendatzeko deia zabaldu dute.

2019-ko ekainak 12

“Aldaketa historikoa ekarri genuen Iruñera,  eta aldaketa hori desegin nahi dute”, ziurtatu dute gaur Udal Plazan bildutakoek. Azken 4 urteetan lortutako aurrerapenak ezabatu eta aldaketak egitea ezinezkoa dela sinistarazi nahi dutela ere gehitu dute, baina argi utzi nahi izan dute “historia ez dagoela idatzita” eta herritarrek euren etorkizuna eskuetan dutela gogoratu dute.

“Udal hau, guztion etxea, lau urte hauetan herritarren parte hartzeari eta lan eredu komunitarioari irekita egon da, baina orain, berriro ere betikoentzat mugatu nahi dute” salatu dute. Eta bide horretan, Iruñeko eskuinak PSOEren laguntza behar du. PSNren jarrera salatu dute: “Dirudienez hori da alderdi sozialistaren paper bakarra, ezkerreko botoak erakarri horiekin eskuina botere iristen dela ahalbidetzeko.”

Joseba Asiron Iruñeak izan duen “alkaterik onena” izan dela ziurtatu dute, eta berataz “harro” daudela esan dute. Zentzu horretan larunbatetik aurrera Maya Iruñeko alkatea balitz “PSNren ardura”  litzatekela eta “Iruñeko milaka eta milaka lagunek ez diotela inoiz ere barkatuko” ziurtatu dute. Eta kritikatu dute Madriletik ezarritako betoak eta marra gorriak. “Ez dira zenbakiak Maya alkate egingo dutenak, erabaki politiko bat  baizik. Madrildik datorren erabaki politikoa eta txintik esan gabe onartzen dutena. Eta hala ere batzuk esango dute subiranotasunaz egiteak ez duela zentzurik. “

Hala eta guztiz ere “aldaketarekin aurrera jarraitzeko” konpromezua hartu dute. “Duela lau urte baino EH Bilduko zinegotzi gehiago egonen dira legealdi honetan. Eta lan erraldoia eginen dute aldaketaren onurak defendatzeko, gehiegikeriak salatzeko, eta beste demokratizazio saioa lehenbailehen gorpuzteko”. Ildo horretan, EH Bildutik esan dute momentua dela “indar sozial demokratiko eta aurrerakoi guztiak aktibatzeko, eskuin autoritarioari aurre egiteko, kalera aterako, elkartasuna eta konplizitateak eraikitzeko, antolatzeko eta erakusteko Iruñeak aurrera egin nahi duela”.

Gehiago