Lizarrako Eguna ospatuko da bigarren urtez

Maiatzaren 2an eta 3an Lizarrako Aiztondeta Elkarteak egitarau zabala antolatu du, Lizarrako Egunaren baitan.

2025-ko apirilak 22

Aiztondeta Elkarteak Lizarrako egunaren egitaraua aurkeztu du: “jardunaldi herrikoi eta intergenerazional batez gozatzeko asmoz non, euskara, kultura herrikoia, elkartasuna, parte-hartzea eta, ondo pasatzea, ardatz eta helburu nagusiak izanen diren”. Elkarteak adierazi du, Lizarrako herri-mugimendua etengabe erasotua izaten ari den une honetan, diru laguntzak murriztuz, aisialdi espazioak debekatuz etabar; inoiz baino beharrezkoagoa dela ospatzeko, elkartzeko eta esperientziak eta militantzia partekatzeko une hau. Lizarraldean ehunka lagunek egunero egiten duten lana ospatu eta goraipatzea ezinbestekoa dela diote, hiri parte-hartzaileagoa, berdeagoa, solidarioagoa, feministagoa eta euskaldunagoa lortzeko bidean.


Elkarteak, eskerrak adierazi nahi izan dizkie, era batera edo bestera honen parte hartzaile diren pertsona zein kolektibo guztiei, haien artean Lizarrako herri dantza taldea, Amaraun makrame, Peñaguda elkarteko sukaldari taldea, San Miguel pilota kluba, Lizar Jai pilota kluba, Ados pilota, Lur soinu, Mendizale elkartea eta Lizarraldeko Bertsoeskola, besteak beste.


Egitarauari dagokionez, ostiralean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera pilota partiduak izanen dira San Miguel auzoko pilotalekuan. Eta haurrentzako puzgarriak eta txokolatada ere egonen dira ere. Egun horretan bertan, arratsaldeko 20:00etan, bertso-poteoa izanen da, Ametsa, Orreaga, Katxetas, Berri eta Herrikotik, eta Joanes eta Xabat Ilarregi zein Lizarraldeko Bertso Eskolako kideak izanen dira bertan. Bestalde, larunbatean goizeko 9:00tan hasiko da Aiztondetara mendi martxa, Santiago Plazatik. Izan ere, bertan eginen dira programatutako jarduera guztiak eta, eguraldi txarra izanez gero, egitaraua Lizarra Ikastolako patiora mugituko da. Goizeko 11:00etan irekiko da Herrigunea eta ordu horretatik aurrera hurrengo eskaintza izanen dira: makrame tailerra, dantza tailerra, txalaparta tailerra, puzgarriak eta txikienentzako gunea. Gero, 13:00etan Palestinari elkartasuna adierazteko asteroko elkarretaratzea egonen da, hau ere, Santiago Plazan. 13:15etan Bermut-Kontzertua: Berri Txarrak, Zahar Onak taldearen eskutik. 15:00etan bazkari herrikoia izanen da (tiketa hartzeko azken eguna apirilaren 28a da, igandea). Ondoren, arratsaldeko17:00etan kuadrillen arteko herri kirol lehiaketa izanen da. Eta, egunari amaiera emateko, 20:00etan kontzertuak izanen dira Leihotikan eta Trikidantzen eskutik.

Bukatzeko, Aiztondeta Elkarteko kideek azaldu dute egun osoan zehar barra zerbitzua eta erasoen aurkako protokoloa ere egonen direla. Eta, herritar guztiak, maiatzaren 2an eta 3an antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu dute, ‘herritik, herriagatik eta herriarentzat’ lelopean. “Atera ditzagun berriro kalera bereizten eta elkartzen gaituzten hamaika koloreak, gure herria busti eta biziarazten dutenak” gehituz.

Gehiago