‘Una historia de comunicación, pasión y lucha’ Eguzki Irratiaren 40 urteak jasotzen dituen dokumentala
'Una historia de comunicación pasión y lucha' film dokumentalak Eguzki irratiaren 40 urte baino gehiagoko historia kontatzen du, bere soinu artxiboaren bidez eta Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan erreferentzia diren pertsonei egindako elkarrizketen bidez.
2025-ko apirilak 23

Pablo Calatayudek zuzendu duen ‘Una historia de comunicación, pasión y lucha’ film dokumentala, Eguzki Irratiaren 40 urtetik gorako ibilbidea kontatzen du. Irratia 1982an sortu zen Iruñean, eta hiriko bizitza politiko, sozial eta kulturaleko unerik garrantzitsuenetan egon da. Eta irrati beretik sortu dira azken urteetako mugimendu garrantzitsuenetako batzuk, intsumisioa kasu. Greba orokorrak, erregearen bisitak, irratiaren itxierak, okupazioak eta gaztetxearen itxiera, Itoiz, Lasa eta Zabala, Korrikak, kontzertuak, Egin egunkariaren itxiera… Dena bizi izan zutenen ahotsean.
Joxe Lacalleren (Egin, Gara) argazkiek historia kontatzeko behar den euskarri grafikoa ematen dute, eta irratiko ikus-entzunezko artxiboko materialarekin eta gaur egun sortutakoarekin batera doaz. Dokumentalak Eguzki Irratiak hasieratik jarraitu duen bidea marrazten du: “Herri mugimenduei laguntzea, askatasunean mintzatu behar duen gizarte askotariko eta kulturaniztunaren bozgorailu izatea”.
Bestalde, elkarrizketetan hedabideei, gertatutako gizarte-aldaketei eta egungo egoerari buruz hausnartzen da. Komunikabide alternatiboen garrantzia eta indarraldia. Martxelo Otamendi kazetaria, Begoña Zabala abokatu feminista, Carlos Vilches soziologoa, Fermin Muguruza musikaria eta zinema zuzendaria, Itziar Ituño aktorea eta Jonathan Martinez kazetaria elkarrizketatu dituzte.
Pablo Calatayudek zuzendu du dokumentala. Aurretik, “El Fabuloso Sabicas” Iruñean jaiotako flamenko gitarristari eskainitako dokumentala ere egin du. Halaber, “Acércate” dokumentala, Psicoballet antzerki konpainian oinarritua. Eta “Muy Poca Cosa” film laburra, Aitziber Urtasun artistari eskainia. En Clave Audiovisual ekoiztetxearen ardurapean egon da azken 15 urteetan.
Fitxa teknikoa
Izenburua: “Una historia de comunicación, pasión y lucha”
Iraupena: 50 minutu
Gidoia eta zuzendaritza: Pablo Calatayud
Ekoizlea: Eguzki Irratia
Musika: Txuma Flamarique
Argazkiak: Joxe Lacalle, Willy Zabala
Lokuzioa: Maialen Díaz
Kontaktua: eguzki@eguzki.eus
https://www.youtube.com/watch?v=-Gptt62qVDE&t=1s