Arrotxapeako Gaztetxea: “Ebazpenak ez du etengo gure garaipena”
Bazen behin Iruñeko auzorik jendetsuenean beren ideiak gauzatzeko, elkartzeko, harremantzeko, elkar ezagutzeko eta antolatzeko aukerarik ez zituzten gazteak. Egoerak gainditurik haien beharrak asetzeko espazio bat behar zutela erabaki zuten.
2019-ko maiatzak 13
2016ko Irailaren 3an gazteek Artika kalean urteak husturik zeraman eraikin baten atea bota zuten espazioa auzoarentzat bereganatuz. Hasieratik auzolanean eraikina zaharberritu eta guztion ekarpen xumeei esker, sartu zirenean lur eremu zikin bat zen horretan, proiektu ezberdinak loratuz joan ziren baso sendo bat errotu arte. Loratzen hasi orduko azkar iritsi zen negua gure basora eta gogotsu hasi ziren gure adarrak moztu nahian identifikazioak, isunak, epaiketak… baina laster iritsi zen berriro udaberria eta Nafarroako txoko ezberdinetan basoak ereiten hasiak ziren.
Baina istorio guztietan beti daude maltzurrak eta hauen kasuan haien helburu nagusiena herriaren nahiak suntsitzea da. 2018ko Apirilean mezu bat iritsi zen basora, honekin herriak sortutako hori zaintzea debekatuz.
Ekimenak gauzatzea zailduz eta auzoa geldiaraziz suntsitu nahi gaituzte. Ebazpen administratiboen aitzakipean maletak egitera behartuz eta gure proiektua ezkutuka desalojatuz.
Gure proiektuak sustrai sendoak errotu ditu, zuhaitzak suntsiezinak bihurtuz. Hau gelditzea ezinezkoa da, gure basoa ureztatu eta elikatuz jarraituko dugu eraso guztien aurrean eta ekimenak antolatzen jarraituko dugu proiektua indartuz.
EBAZPENAK EZ DU ETENGO GURE GARAIPENA!