Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute

Klase batasuna eta independentzia politikoaren aldeko aldarrikapenarekin aurkeztu dute Gazte Koordinadora Sozialista Gasteizko Auzolana pilotalekuan.

2019-ko otsailak 18

Gasteizko Auzolana frontoian egin zuten atzo aurkezpena, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildutako gazteak elkartuz eta Gazte Koordinadora Sozialista deritzona martxan jartzeko.

Ildo politiko baten aldarrikapena eta defentsa azpimarratu dituzte bertan: koordinadora osatzen duten gazteak batzen dituen hautua sozialismoaren defentsa da. “Helburua dominazio burgesa eta zapalkuntza forma ezberdinak gainditzea da”.

“Sistema kapitalistak zapaldutakoak” izan dituzte gogoan eta “zuzengabekeria horren aurrean altxatzen direnen” lana ere goraipatu nahi izan dute. Hala, Euskal Herrian zehar sortzen ari diren “adierazpen politiko sozialistekin” itxaropentsu agertu dira: “Gaztetxeen borroka esperientzia eredugarriak, ikasleen borrokak, klase feminismoaren gorakada eta teoria iraultzailearen lanketa eta hedapena”.

Gazte Koordinadora Sozialista esperientzia horietan guztietan hezitako eta hazitako militanteen emaitza dela azaldu dute, horiek denak indartzeko helburuarekin jaiotzen dena. Horretarako, “aipatutako gaitasun eta espresioek aurkitzen dituzten mugak gainditzeko” baldintzak jarri nahi dituzte.

Euren helburuak erdiesteko beharrezkoa ikusten dute klase batasunaren egikaritzea eta hori lortzeko “langile klasearen independentzia politikoa bermatuko duten antolakunde politiko propioak beharrezkoa dira”.

Gazte problematika, klase problematikaren barruan

Gazte problematika klase problematikari heldu gabe ebatzi ezin den auzia dela adierazi dute. Haren lanketa politikoa egitea eta kultura eta ildo sozialista garatzeko langile instituzioak sortzea jarri dituzte eginbehar nagusien artean.

“Beharrezkoa ikusten dugu harreman eredu komunisten garapena, borroka komunitatearen indartzea, izaera kritikoa eta sakontasuna lantzea, proletargoaren defentsa eta babesa egitea, kultura sozialista berpiztea, instituzio proletarioak hedatzea, teoria iraultzailea lantzea, intsumisioa gauzatzea edota ospakizun eredu politiko berria sortzea”, aipatu dute.

Bukatzeko, borrokarako deia egin eta “egungo miseria kapitalistaren aurrean botere sozialista eratzearen beharra berretsi dute”.

Gehiago