Maravillas Gaztetxea berriz okupatu dute milaka lagun bildu dituen manifestazio baten ostean
Iruñeko Maravillas Gaztetxeko ateak berriz ireki dituzte. Nafar Gobernuak hormatutako ateak makil eta rotaflex batekin ireki dituzte milaka lagun bildu dituen manifestazio baten ostean. Bihar prentsaurreko batean okupazio honen nondik norakoak emanen dituzte.
2019-ko urtarrilak 19
Maravillas Gaztetxeko ateak berriz ireki dituzte okupazio eta gaztetxeen aldeko ohiuen artean. Milaka lagun bildu dira gaur Iruñean Gaztetxearen desalojoa salatzeko, eta manifestazioaren bukaeran zabaldu da albistea: Gaztetxearen barruan jendea bazegoela zabaldu dute, eta Nabarrerian hasi da jendea biltzen okupei babesa emateko.
Inguruetan Espainiako Poliziaren presentzia nabarmena zen, baina ez dute ezer egin gazteek Gaztetxeko ateak irekitzen zituzten bitartean. Azkenean, kolpe ugari eta rotaflexa erabili eta gero, Nafar Gobernuak jarritako burnizko plaketan zulo bat egin dute eta gazteak sartu dira.
“Rozalejo jauregia herriarena da berriz ere, gure eskuetan dago berriz ere. Maravillas Gaztetxea suspertu eta bizirik dirau” adierazi dute Gaztetxekoek. Bihar, okupazio berri honen nondik norakoak eskeiniko dituzte prentsaurreko batean.