Langile eta zuzendaritzaren arteko negoziazioak hasi dira Huerta de Peralta enpresan

Enpresarekin bildu dira langileak. Enpresak langileen aldarrikapenak jaso ditu eta ostiralean erantzun bat emanen duela esan du. Greba mugagabea eta mobilizazioak mantentzen dira.

2019-ko urtarrilak 2

Huerta de Peralta enpresako greba batzordeak eta zuzendaritzak bilera bat izan dute gaur, Azkoiengo enpresan gauzatzen ari diren greba mugagabearen 6. lan egunean. Langileek proposamen integral bat jarri dute mahai gainean, eta enpresak ostiralean erantzungo duela adierazi du. Greba batzordeko kideek jakinarazi dute erantzun horren arabera erabakiko dutela gatazkarekin amaitu edo mobilizazioak gogortu.

Huerta de Peraltako grebalariek egindako proposamenak arlo desberdinak jasotzen ditu: kaleratu eta itzuli nahi duen langileen berronartzea, azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea. Era berean, langileei zor zaien kopurua nola banatu proposatu du greba batzordeak, eta, azkenik, negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatu dio enpresari.

Negoziazio prozesua itun bat lortzeko izango litzateke, egunerokotasunean oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko, hala nola, egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak edo soldatak. Horrela lan harreman normalizatuak lortuko lirateke.

Enpresaren erantzunaren zain, langileek greba mugagabearekin eta aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute.

Bihar, urtarrilaren 3an, nazioarteko sindikatuen hainbat ordezkaritza Azkoienen izango dira, grebalariei euren babesa erakustera (Kataluniako IAC, Aragoiko CUT, Asturieseko CSI, Frantziako estatutako Solidaires eta Intersindical Valenciana). Etzi ostirala, urtarrilaren 4an, Elkartasun eguna deitu dute Azkoienen. 12:00etan manifestazioa egingo dute herrian.

Astelehenean, urtarrilaren 7an, manifestazioa egingo dute Iruñean, 12:30ean Udaletxe plazatik abiatuta.

Gehiago