“Feministon Herria eraikitzen ari gara”

Egun batez gorpuztu zuten Feministon Herria Bilboko Areatzan pasa den larunbatean, Euskal Herrian martxan jartzen ari diren alternatiba feministak bilduz, emakumeek bultzatutako proiketuak erakutsiz... Hori guztia, Emakumeen Munduko Martxak antolatutako Nazioarteko Topaketak jardunaldien barruan.

2018-ko urriak 29

Goiz goizetik bostehun emakumetik gora bildu ziren Bilboko Areatzan. Proiektuen erakusleiho izateaz gain, hausnarketa eguna ere izan zen. Emakumeen Mundu Martxaren inguruko solasaldian borroka feministaren oinarrietara itzuli beharrean daudela ikusi zuten, behetik gora doan mugimendu bat eraikitzeko. “Diskurtso feminista eta anti-kapitalista bateratu behar ditugu. Egungo testuinguruan, feminismo liberalaren olatuarekin, feminismoa eslogan huts bat bilakatzeko arriskua ikusten dugu, eta gure esku dago hori ez gertatzea”, ohartarazi zuten. Eta horretarako, aliantzak ezinbestekoak direla azpimarratu zuten. “Zoru komuna eraikitzen jarraitzea da gure erronka. Bizi dugun aniztasunaz kontziente izan eta gure artean ere pribilegio egoerak daudela onartuta. Beharrezkoa da gure posizioez konturatzea, ez erruduntasunetik, arduratik baizik”, esan zuten.

Bigarren mahai inguruan, berriz, bakea eta justiziaren birdefinizio baten beharra dagoela ondorioztatu zuten, eta horrek, “sistema patriarkalen indarkeriak birproduzitzen dituzten ereduetatik harago doan ikuspegi feminista bat” eskatzen duela argitu zuten. “Militarizazioa beste dominazio sistemekin nahasten da, adibidez, matxismoarekin. Gainera, ezin dugu ahaztu, gorputz eta indar errepresiboak lotuta eta antolatuta daudela mundu mailan, eta horren aurrean beharrezkoa da gure arteko lotura eta antolaketa indartzea”, plazaratu zuten. Azkenik, gatazka politikoa aitortu eta gatazka horrek generoa duela aldarrikatzeko ari direla lanean gogoratu zuten, “konponbiderako eremuetan inziditzen saiatuz”.

Bazkari herrikoia egin ondoren, “Urrutira goaz, gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara” lemapean manifestazioa egin zuten bildutako emakumeek Bilboko kaleetatik. Autodefentsa feminista aldarrikatu, hiri ereduak eragiten duen zapalkuntza salatu, emakume migratuen eskubideak defendatu eta emakume antifaxistei aitortza bat ere egin zieten.

Ekitaldi politikoan, Nazioarteko Topaketen eta Feministon Herriaren antolaketan ibili diren guztientzat esker hitzak izan zituzten. Baina eskerrez gain, euskal feminismo herritarra, antikapitalista, antikolonialista erradikala eraikitzen jarraitzeko konpromisoan berretsi ziren. Gogoan izan zituzten aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak erail dituen 7 emakumeak, euren lurraldeetatik alde egitera behartuak diren errefuxiatuak eta emakume migranteak, emakume presoak, etxeko langileak…

Gehiago