Sakanako Gazte Asanbladen arteko jardunaldiak antolatu dituzte “alternatibak eraikitzeko”
Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri-Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Irurtzun-Arakilgo gazte asanbladak batuko dira azaroan eta abenduan euren jarduera eta proiektuetaz eztabaidatzeko eta estrategia amankomun bat adosteko.
2018-ko urriak 23
Pasa den urtean, Sakanako Gazte Asanbladen artean Gazte Eguna antolatu zuten Ziordian, eta baita ildo batzuen arteko eztabaidak sustatu ere. Ildo hauek lantzerako orduan, baina, perspektiba bateratu batetik elkarlotzeko zailtasunak izan dituztela onartzen dute. “Hau, gazte asanbladen definizioa garatu gabe genuelaren ondorio zela ikusi dugu. Zer garen, nola ulertzen dugun gazteria, zer funtzio eman Gaztetxeei…”
Egoera horretan egoteak, asko zailtzen du euren proiektuen garapen eta hedapena, azpimarratzen dute. “Definizio ezak noraezera kondenatzen gaitu. Eta noraez horrek, lanketak perspektiba bateratu bat elikatzetik urrun, egungo sistemaren errealitatearen inertziei erantzuten diote. Atxiloketak daudenean erantzutea, Euskal Herriko okupazioa salatzea, AHTaren aurka ekitea, hilketa matxistak salatzea… sistema kapitalistaren aurka egin, baina alternatibarik eraikitzeko norabide garbirik gabe”, diote kaleratu duten oharrean.
Hori aldatzeko beharra ikusi dute, eta egoera iraultzeko, iniziatiba hartzea erabaki dute. “Helburu hori egikaritzera datoz azaroaren hasieran Sakanako Gazte Asanbladok gure proiektuetaz eztabaidatzeko hasiko ditugun jardunaldiak. Iniziatiba guk izan dezagun behar-beharrezkoa baita argi izatea gu nor garen, nori zuzentzen garen, zein helburu ditugun… gure proiektua definitzea”, azaldu dute.
Jardunaldiak azaroan eta abenduan burutuko dira, egun ezberdinetan. Lehenengo bi hitzorduetan, azaroak 1 eta 17, gazte asanbladetatik zuzentzen diren gazte sektoreaz eztabaidatuko dute, ondoren gazte asanbladen eta gaztetxeen proiektuetaz eztabaidatzeko. Abenduaren 6an, Espainiako Konstituzio egunean, aprobetxatuko dute egun osoko jardunaldi bat egiteko. Etxarriko gaztetxean izanen da eta arratsaldean manifestazio bat eginen dute. Abenduaren 15an eta 26an Altsasu eta Urdiango gaztetxetan izanen dira eztabaidak, gazte asanbladen paperaz eta bilakaeraz solasteko.