Urriaren 27an, gaztetxeen aldeko manifestazio nazionala Iruñean
Arrotxapea, Maravillas eta Lizarrako gaztetxeen desalojo arrisku egoera dela eta, Nafarroako Gaztetxeen Koordinadorak erantzun bateratua emateko deia egin du, eta urriaren 27an eguerdiko 12etan manifestazio nazional bat deitu du Iruñean.
2018-ko urriak 17
Nafarroan gaztetxeen loraldia bizitzen ari den honetan, 3 proiektu dira haien espazioetatik kaleratuak izateko arrisku egoeran daudenak: Errotxapeako gaztetxea, Lizarrako Sugarra gaztetxea eta Iruñeako Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea.
Errotxapeako gaztetxeari dagokionez, duela bi urte urteak hutsik zeramatzan lokalari bizia ematen hasi ziren momentutik, prozesu judizial bat martxan jarri zen, gaztetxearen arduradun gisa hiru pertsona identifikatuz. Prozesu judizial honetan, auzi-jartzailea La Caixak, Iruñeako Udalak eta Talleres San Pedrok osatzen duten konpentsazio junta bat da, non lehenak jabetzaren erdia baino gehiago bere eskuetan daukan. Ehunka esperientzia eta jarduera sozial zein kulturalen ostean, 2017ko maiatzan hasi eta atzeratu zen epaiketak datorren urriaren 31n izango du jarraipena, proiektuaren etorkizuna arrisku larrian egon daitekeelarik, 3 gazteek 40.000€-ko kostu judizialei aurre egin behar izatearekin batera.
Maravillas gaztetxea ere, abuztuan desalojoa geldiaraztea lortu ondoren, berriz ere desalojo arriskuan aurkitzen da Nafar Gobernuak kasua artxibatzearen aurka ezarritako errekurtsoa dela eta. Errekurtsoa onartuz gero, berriz ere espazioa desalojatzeko operazio poliziala gertatu ahalko litzateke.
Lizarrako Sugarra gaztetxearen kasuan, haien aurkako epaiketa eta desalojo mehatxua geldiaraztea lortu dute eta Nafar Gobernuarekin mediazio prozesu bat abiatu dute. Gaur egun dauzkaten indarrak kontutan hartuz espazio guztiari erabilera ematea ezinezkoa zaienez, Nafar Gobernuak eta Nasuvinsak etxebizitza larrialdirako eta alokairu sozialerako pisuak egiteko proiektua onartu dute, gaztetxearen proiektuaren etorkizuna bermatze aldera. Halere, edozein momentutan mediazioa hautsi daiteke eta Nafar Gobernuak desalojoa berriz martxan jar dezake.
Nafarroako Gaztetxeen koordinadoratik azpimarratu nahi dute espazio hauen garrantzia. “Gaztetxe eta gune autogestionatuek zapalduen mesederako diren proiektuak aurrera ateratzea posible egin dute. Pairatzen ari garen egoerak erakusten duen moduan, hau ez da guztien gogoko; klase menderatzaileak desjabetuak desjabetu jarrai dezaten nahi baitute. Oro har, aldaketarik ez emateko, beraien kontrolpean ez dagoen guztia itotzen saiatuko dira. Horregatik, loraldi hau zapaltzeko edozein baliabide erabiliko dute, kasu honetan, errepresioaren bidez egunero zapalduak direnak gogorrago zapalduz”.
Edozein gune autogestionaturen aurkako erasoa “guztionganako erasotzat ulertzen” dutenez, auzo eta herri guztietan “borroka bateratu honen defentsa egin behar” delakoan daude. Horregatik, datorren urriaren 27an, larunbata, 12:00etan burutuko den manifestazio nazionalera batzeko deialdia egiten dute. Manifestazioa Arrotxapeako Gaztetxetik abiatuko da.