“Euskal Herrian bizi” dinamikaren baitan hausnarketa sakona egin du Ernai-k hezkuntza, enplegua eta etxebizitzan zentratuz

Ernai gazte antolakundeak "Euskal Herrian bizi" dinamika abiatu dute eta "Oraina borrokatzeko koordenadak" lan kolektiboa aurkeztu dute inguru sozial, ekonomiko eta politikoaren gaineko irakurketa integral bat eginez, baita aurrera begira ekiteko koordenada batzuk mahai gainean jarriz ere. Bereziki hiru eremuetan sakondu dituzte; hezkuntza, enplegua eta etxebizitza.

2018-ko maiatzak 31

Lan kolektibo honetan parte hartu dutenek gazteen artean “koordenada batzuk” jarri nahi dituzte modu pausatuan “bizirautera kondenatu gaituzten errealitate ilun eta bakarti honetan arnasa” hartzeko.

“Gazteok prekarietate gordinean itotzen” ari direla salatu eta hezkuntza, enplegua eta etxebizitzan dauden arazoetan sakondu nahi dute aurkeztu duten “Oraina borrokatzeko koordenadak” lan kolektibo horretan, “hauek baitira gure bizitza koordenada okerretan norabidetzeko erabiltzen dutenak”.

“Erlojuaren erritmora bizi gara eta ez gara gai erlojuaren orratzak guk geuk kontrolatzeko. Nork mugitzen ditu orratzak? Gure egoeraren erantzuleek izen eta abizenak dauzkate. Erlojuaren orratzek koordinatzen bagaituzte, puskatu eta koordenatu dezagun elkarrekin orainaren borroka”, dio Ernai-k.

“Sinetsarazi nahi izan digute beste aukerarik ez dagoela, baina dena zalantzan jartzearen ohitura ederrak gezur hau ezeztatzera eraman gaitu. Horixe bera da esku artean duzuna, inkonformismo garrasi bat. Dena galduta dagoela uste dugunean, sentsazio horren aurrean, oraina borrokatzeko koordenadak eskaintzen dituena”.

Gehiago