Botere guztia sovietetara!
Kontsigna hau gakoa izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsu horietan. Nicolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (momentu horretan Errusian zegoen juliotar egutegian otsaila zen) sortutako behin-behineko gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta aristokratekin batera.
Iñaki Etaio, miembro de Askapena
2017-ko azaroak 6
Boltxebikeen zuzendaritzaren sektore batzuek ere
gobernuarekiko adiskidetze jarrera zeukaten. Testuinguru horretan, Leninen Apirileko
tesiak obran jasotako planteamenduak gakoak izan ziren boltxebikeen norabidea argitzeko
(boltxebikeak barruko korronte nagusia ziren Errusiako Partidu Sozialdemokratan, handik
gutxira Partidu Komunista bihurtu zena) baita, hilabete batzuk geroago, Petrogradon
boterea hartzea ahalbidetzeko ere.
Azaroaren 6-7 honetan (juliotar egutegian urriaren 24-25a) iraultza sobietarraren 100 urte
betetzen dira. Zalantzarik gabe, iraultza hori garaipen nabarmenena izan zen munduko
langileriaren historian. Langileek boterea hartzeak eta 1918-1921eko gudan potentzia
inperialistek babestutako erreakzioa garaitzeak ideia marxisten gauzatzea suposatu zuen
neurri handi batean. Izan ere, Marxek eta Engelsek beraiek azaldu zuten marxismoa ez
zela dogma bat, baizik eta akziorako gida. 1871eko Pariseko Komunaren herri garaipen
iraungikorraren ostean, sobietar iraultzak klaserik gabeko jendartera abiatzea ahalbidetu
zuen, baita kapitalismotik komunismorako trantsiziorako Estatu sozialistaren eraikitzea era
praktikoan planteatzea ere (Estatua eta iraultza idazkian Leninek berak teorizatu zuena).
Geroago gauzatu zen SESBren norabidearen okertzearen eta atzean egon ziren barne
(estalinismoa, burokratizazioa…) eta kanpoko arrazoien (eraso inperialistak, Europan
hedatu behar ziren beste iraultzen porrota…) analisian sartu gabe, Iraultza sobietarrak
gainontzeko herriei erakutsi zien posiblea zela klase zapalduek boterea eskuratzea eta
berdintasunezko eta jaberik gabeko jendartea eraikitzea. Iraultza horrek eta sortutako
Estatuak auzitan jarri zuen (des)ordena kapitalista eta, inperialismo nazia adoretsuki
suntsitu ostean, SESB munduko potentzia bihurtu zen arlo guztietan, inperialismo
yankiaren kontrapisua bilakatuta. Horregatik ezinbestekoa zaigu gertakizun horiek
gogoraraztea, ikertzea (asmatzeak zein akatsak) baita aldarrikatzea ere. Are gehiago
urteurren honetan non sistemaren desinformazio medioak gertaera horiek karikaturizatzen
eta sinplifikatzen saiatuko diren. Izan ere, iraganeko zerbait bezala aurkeztuko dizkigute,
gaindituta dagoena, kapitalismoari alternatibarik ez dagoen munduan errepikatu ezin
izango dena.
Leninen eta beste iraultzaileren ekarpen teorikoak baita milaka langile eta nekazarien
borroka ere lurperatzen saiatuko dira. Hala ere, errealitate gordinak berresten du ideia
horien gaurkotasuna eta sistema aldatzearen beharra. SESBren desagertzeak eta
kapitalismoaren nagusitasunak munduan emakume-gizonen arazo larriak konpondu ditu
akaso? Jendartea klaseetan banatzeak, ekoizteko baliabideen jabea den gutxiengoak
gehiengoa esplotatzeak, kapitala gero eta esku gutxiagotan kontzentratzeak
(Inperialismoa, kapitalismoaren aro gorena idazkian Leninek deskribatutakoa), monarkia
parasitoen irauteak, populazioak hiltzen dituen miseriak, goseak, gerrak… erakusten dute
duela mende bateko eskenatokitik ez dugula asko aurreratu.
Iraultza sobietarrak irakaspen oso baliagarriak utzi zituen, XX. mendean zehar eta gaur
egun ere garatzen diren esperientziekin aberastuak izan direnak. Horietako bakar batzuk
aipatzeagatik, iraultza horrek botere paralelo bat (langileen, nekazarien eta soldaduen
sovietak) eraikitzearen beharra erakutsi zuen, boterea hartzeko baliogarria izango zena
baita etorkizuneko Estatu sozialistaren enbrioia ere. Era berean, boterea hartzea
ahalbidetuko duen Estatu krisia heltzen den bitartean langileria formatzearen
ezinbestekotasuna erakutsi zuen, baita langileek boterea eskuratzeko eta finkatzeko
estrategiaren premia ere, Historian hainbestetan gertatu diren matxinadak matxinada
hutsetan ez geratzeko, ordena berri bat eraikitzeko ezgai. Iraultza sobietarrak Estatu
zaharra eraistearen eta berri bat eraikitzearen beharra erakutsi zuen, burgesiak berak
gehiengoa menperatzeko diseinatutako egituren erabilera gaindituz. Honen harira,
indarkeria antolatua herriaren eskumena izan behar zela azaldu zuen, eta ez herriaren
kanpotik eta gainetik dauden errepresio indar berezien (polizia eta ejertzitoa) eskuetan
egon.
Horretaz gain, Leninek behin eta berriro ohartarazi zuen bake sozial iraunkorraren ilusioa
elikatzen duen klaseen arteko hitzarmenaren sineskeriarekin apurtu behar zela. Hots,
interes kontrajarriak dauzkaten klaseak adiskidetzearen ezintasunaz ohartarazi zuen.
Zentzu horretan, Leninek utzitako esaldi adierazgarrienetariko bat honako hau da:
“Gizonak (eta emakumeak) beti izan dira politikan norberaren eta besteen engainuen
biktimak, eta horrela jarraituko dute esaldi, adierazpen eta moral-, erlijio-, politika- eta
jendarte-agintza guztien atzean klase baten edo beste baten interesak identifikatzen
ikasten ez duten bitartean”. Ideia honetatik sortutako burgesiarekiko eta
sozialdemokraziaren morroi-sektoreekiko ezinbesteko mesfidantza gakoa izan zen “Botere
guztia sovietetara!” leloa errealitatea bihurtzeko.