Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko Asanbladak Udaletxearekin batera ekindako bide instituzionala amaitutzat ematea erabaki du
Udaletxeak eskainitako bide legala "ezgaia dela espazio autogestionatua eraikitzeko, aitzitik autogestionatzeko nahiak eta errebeldia mugatzeko besterik ez duela balio" dio, eta "gatazka honetan, inposatutako bidegabekeria gainditzeko mobilizazioa eta desobedientzia" erabiliko dituztela "auzoan Gaztetxea irabazteko" iragarri dute.
2017-ko irailak 1
Iruñeko Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko Asanbladak bukatutzat eman du Udaletxearekin orain arte egindako bide instituzionala. Eskerrak eman dituzte proiekturik gabeko azken hilabeteotan asanblada ahalegin handiz bizirik mantendu duten kolektibo guztiei eta “zinez proiektuan sinistu eta osotara eramateko ahal bezainbeste egin duten zinegotziei”. “Hau ez da Gaztetxearen eta Udaletxearen arteko gatazka, baizik eta Autogestioaren
eta Kapitalismoaren artekoa”, adierazi dute., eta hemendik aurrera “inposatutako bidegabekeria gainditzeko mobilizazioa eta desobedientzia” erabiliko dituztela iragarri dute Gaztetxe berri bat lortzeko bidean.
Oso kritikoak agertu dira klase politikoarekin Gaztetxeko kideak. “Elkarrizketa prozesua bitarte, gutxika gutxika ulertu genuen klase politikoaren jokabide zinikoa”, esan dute Iruñean eta Nafarroan emandako aldaketa politikotik Alde Zaharrean eman zen lehenengo okupazioa gogoratzean. “Iruñeak merezi duen zinezko aldaketa politiko eta sozialean sakontzea xede zuen (eta duen) kontrabotere proiektu herrikoia eraikitzen hasi ginen instituzioetatik haratago. Eraikin hil hartatik jaiotako biziak erregimenaren (eta ez hain erregimenaren) indarrak asaldatu zituen baina. Eskuinak, Kapitala eta Estatua Gaztetxearen aurkako jazarpenari ekin zioten. Ondorioz, Geroa Baik hasiera eman zion gu espaziotik kanporatzeko prozedurari”.
Hustutze mehatxupean (16 pertsonaren identifikazioa barne) eta Udaletxearekin elkarrizketa bidea irekita zutelarik, Gaztetxeko Asanbladak, “proiektuaren norabidea betirako baldintzatuko duen erabakia” hartu zuen: Udaletxeak eskainitako espazioari baiezkoa eman zitzaion, eta ondoren zabaldu zen Kaparroso Txaletaren Gaztetxea.
“Baina mugimendu, aberastasun eta errebeldia honen guztiaren aurrean, eskubi asaldatua agertu zen berriz ere. Euskal eskuinak ere kriminalizazio kanpainarekin bat egin zuen. Hartaz, baimenik gabe ekindako egokitzapen lanak aitzaki, aldaketaren blokean hausturak agertu ziren. Ondorioz, Gaztetxearen hustutzea agindu eta honekin batera, auzoko ehun sozialean sustraitzen hasia zen kontrabotere proiektua deuseztatu zuten”, gogoratu dute.
“Gertatutakoak gure hasierako tesiak berretsi zituen: instituzioak lege inposatuaren abagune estuak gainditzeko duen ezgaitasuna eta aldiberean, hauek botere herrikoiaz gaindikatzeko halabeharra. Hots, instituzioa eta status quo-a desobeditzeko beharra egoera bidegabeak gainditzearren. Boteredun klaseek haien inguruan eraiki dituzten arkitektura instituzional, judizial, ekonomiko eta ideologikoek haien interesak babestu eta iraunarazten dituzte sistematikoki. Hala nola, langile klasearen esplotazioa eta Euskal Herriko borondatearen jazarpena. Eta baldintza zehatzetan ere, espazio autogestionatuak eraikitzeko bide legala galaraztearekin, erregimena inpugnatu eta iraultzearen xedea ekiditen da. Azken batean, jaunaren etxea ezin baita jaunaren tresneriaz desegin”, dio zabaldutako oharrak.
Horregatik, Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko Asanbladaren ustez Udaletxeak eskainitako bide legala “ezgaia” dela espazio autogestionatua eraikitzeko eta “autogestionatzeko nahiak eta errebeldia mugatzeko besterik ez duela balio” dio. “Espazio liberatua ase gaitzaken aukera bakarra da” diote gazteek. Ondorioz, Iruñeako Udaletxearekin batera ekindako bide instituzionala amaitutzat ematea erabaki dute, eta auzoan Gaztetxea lortzeko bidean gazte eta herri mugimenduak izanen dira “borroka honen erritmo eta mugak marrazten” dituzten bakarrak.