Autogestioaren eta herriaren aldeko aldarriek hartu dute Gasteiz
Milaka lagun bildu dira Errekaleor auzo askearen alde egindako manifestazioan. Herri mugimenduaren espresio anitzek hartu dituzte kaleak, eta Errekaleorrek Bizirik jarraituko duela argi utzi dute.
2017-ko ekainak 4
Ez euriak, ez Eusko Jaurlaritzaren argi mozketak, ez Gorka Urtaranen mehatxuek. Errekaleor auzo askea ezerk ez duela geldituko argi utzi dute gaur Gasteizen bildutako milaka lagunek. Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko erdigunetik Errekaleorreraino, ‘Herria Bizirik, defenda dezagun Errekaleor’ lelopean.
Leloari jarraiki, herri mugimenduak hartu du protagonismoa manifestazioan. Protestaren hasieratik bertatik geratu da agerian aniztasuna: Gasteizko hainbat puntutatik mugimendu ezberdinetako zutabeak abiatu dira, Andra Mari Zuriaren plazan guztiak elkartu eta martxan abiatzeko. Askotariko banderak ikusi ahal izan dira: feministak, internazionalistak, gazteenak, euskararen aldekoak… Musika eta jai giroa ere nagusi izan da mobilizazioan zehar: martxaren hasieran zihoan karroa oholtza bihurtuta rap abeslariek jarri diote melodia ibilbideari, baita batukadak ere.
Iragana eta etorkizuna
Martxa jendetsuaren ondotik ekitaldi hunkigarria egin dute Errekaleor auzoaren goialdean. Jende ugarik hartu du hitza: Errekaleorren jaio eta lehendik bizitako emakume batek, oraingo auzokideek… Martxoaren 3an indar armatuek hildako Romualdo Barroso errekaleortarra izan dute gogoan, besteak beste. Errekaleor Bizirik mugimenduak etorkizunera begira ere jarri du soa, ordea. Eguzki plakak martxan jartzeko crowfunding kanpaina bat abiatuko dutela jakinarazi dute.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateari ere bota diote hordagoa: “Borroka hau irabazi daiteke, eta irabaziko dugu”. Silvio Rodriguezen La era está pariendo un corazón kantuarekin eman diote bukaera ekitaldiari, eta Berri Txarrak-en kontzertu sorpresak dantzan jarri ditu auzokideak zein bertara hurbildutako guztiak. Finean, herri oso bat. Herri oso bat, Errekaleorren alde.