Ehunka gaztek hasiera eman diote Gazte Akelarreari, Zornotzatik Igorrerako martxarekin

Zornotzatik arratsaldez abiatu eta gauean iritsi dira Igorrera ehunka gazte. Suaren bueltan dantzan akelarre erraldoi bat egin dute Igorren. Hiru egunez tailer, hitzaldi eta kontzertuez gozatuko dute.

2017-ko apirilak 14

Eguerditik pixkanaka heldu dira Euskal Herriko txoko guztietatik autobusak Zornotzara, eta harrera ekitaldiaren ondoren hasiera eman diote Gazte Akelarreari ehunka gaztek. Larriki gaixo dagoen Oier Gomez euskal preso politikoaren alde argazkia atera dute bertan. Sei hilabeteko bizi itxaropena eman berri diote Gasteizko presoari.

Ekitaldiaren ondoren mendian barrena abiatu dira gazteak, bero saparen azpian, eta aldarrikapenez jositako banderolak eskutan egin dute Zornotzatik Igorrerako bidea. Dima igaro ostean, iluntzean iritsi dira Igorrera gazteak, argi-zuziak eskutan hartuta. Ibilbidearen azken txanpa kantuan eta oihuka egin dute, presoak askatzearen eta independentziaren aldeko aldarri ozenak ahotan. Herria zeharkatuta akelarre erraldoi bat egin dute gune handiaren aldamenean: sugarren dantzan independentziara joateko lehen jauziak egin dituzte milaka sorginek Igorreko zeruaren ilargipean.

Ondoko bi egunetan hitzaldiak, tailerrak, musika eta beste askorako aukera izango da Igorren, eta horretarako egitarau oparoa prestatu dute Ernaik eta Aitzinak, gune askotan banatuta: kultur etxea, gaztetxea, karpa handia, Sound System gunea, Akeitagunea… Auzolanean eraiki dituzte gune guztiak azken egunotan.

Gu ere Gazte Akelarrean izango gara guztiaren berri zuzenean emateko, baina zure laguntza behar dugu! Konta ezazu #GureAkelarrea txio bidez ala telefono zenbaki honetara zure mezua bidalita: 0034 644 751 382. Xirristi-mirristi irratian botako ditugu goizetan zuek bidalitako audioak 😉

Bonoak erosteko aukera
Gazte Akelarreko sarrera oraindik eskuratu ez dutenek aukera izango dute Igorren bertan erosteko. Hiru eguneko bonoak 40 euroan daude salgai, eta egun bakarrekoak 18 euroren truke

Gehiago