Gaur hasiko dira Gaztetxe eta gazte asanbladen III. topaketak
Gaur hasita eta asteburu guztian zehar burutuko dira topaketak Errotxapeako gaztetxean. Topaketetan autodefentsan, botere harremanetan eta autogestioan sakontzeko aukera izanen da. Teoria eta eztabaida orokorrerako espazioak egongo diren arren, praktikara ekitea da topaketon helburu nagusia, atolatzaileen hitzetan.
2017-ko martxoak 24
Aurtengo Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak gaur hasiko dira. Ekitaldi guztiak Arrotxapeako gaztetxean burutuko dira.
Gaztetxe eta Gazte Asanbladek autogestioan oinarritzen badira ere, bakoitza mundu bat da gazte kolektibo hauen arteko harremanak estutzeko balio dute topaketa hauek. Pasa den urtean Oñatin buruturiko topaketetan ondorioztatutako ideia nagusia autogestioa, aisialdiaren kudeaketaz gain, praktika politiko orokor bezala ulertu behar dela izan zen; alegia, edozein esparruetara aplikatu daitekeela jarduera autogestionarioa. “Hortaz, gure bizitzak merkatuaren dominazioaren baitan gauzatzera behartuta gauden honetan, sistema produktiboa bere osotasunean kontrolpean hartzeko irizpide bat izan daiteke autogestioa. Ezbairik gabe, iraultza soziala piztu eta gure bizitzen kontrola hartzeko aukera eskaintzen digu autogestioaren garapen integralak”, diote topaketa hauen antolatzaileek.
Topaketetan teoria eta eztabaida orokorrerako espazioak egon zitezkeen arren, batez ere proiektu zehatzak abiarazteko eta gazteen artean saretzen hasteko topaketok baliatzea erabaki da, hiru esparruetan:
Bizitzako esparruak: autogestioa praktika politiko eta sozial gisa harturik, ekoizpen eta sorkuntzarako bitartekoak eskuratu eta garatzeko ildoa.
Harremanak: gazteen artean eraikitzen dituzten harremanen zaintza eta kudeaketarako lan ildoa.
Autodefentsa: beste eredu eta harreman sozial berriak eraikitze bidean sortzen diren proiektu, okupatzen diren gaztetxeak eta jada daudenak defendatzeko autodefentsaren praktikan sakontzea “nahitaezkoa” da.
Gaur hasi eta igandera arte luzatuko dira topaketa hauek. Igandean eguerdiko 13etan manifestazioa eginen da “Gaztetxe eta gune autogestionatuak aurrera” lelopean.