Ernaik 54 “gune prekario” itxi egin ditu prekarietatea salatzeko asmoz
2017an Euskal Herrian 13 langile hil dira dagoeneko. 2016an 54 izan ziren. Eta 54 "gune prekario" itxi egin ditu Ernai gazte erakundeak prekarietatea salatzeko asmoarekin. TelePizza multinazionalaren lokal batean eman dute horren berri.
2017-ko martxoak 16
“Gazteok orain eta etorkizun beltza dugu parez pare. Agindutakoaren kontrara, edozein enplegu edonolako baldintzetan, langabezia, ezkutuko lanak edota atzerrira alde egin beharra da eskaintzen diguten bakarra. Horrez gain, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza bezalako eskubideak negozio bide bilakatu dituzte, denon eskubideak omen zirenak geroz eta gutxiagoren pribilegio bihurtuz. Ondorioz, gure buruaren jabe eginez emantzipatzea nahiz bizi proiektu bat eraikitzea ezinezko bihurtu dute”, esan dute agerraldian.
Egoera kaxkar hau ez dela “fenomeno meteorologiko bat” eta “krisi deitutako iruzurraren aitzakian elite baten mesedetan sistematikoki ezarritako politika jakin batzuen ondorioa dela azpimarratu nahi izan dute.
“Elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, espainiar estatuak inposatu eta bertako agintariek aplikatutako neurri horien emaitza argia da: gutxiengo bat geroz eta aberatsagoa, herritarrok geroz eta pobreagoak”, esan du Ernaik.
Ernaik euskal gazteriari “zapaltzen gaituztenei hortzak erakustera” deia egin dio “bizi eredu askatzaileak” eraikitzeko.