Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen 3. Topaketak Iruñerrian eginen dira
Martxoaren 24, 25 eta 26an izanen dira Errotxapeako Gaztetxean.
2017-ko urtarrilak 27
Aurten Iruñerrian burutuko dira Gaztetxe eta Gazte Asanbladen III. Topaketak, Martxoaren 24, 25 eta 26an. Aurreko urtean Oñatiko topaketetan ondorioztatutakoren bidetik, teoria eta eztabaidak ez ezik, proiektu zehatzak abiarazi eta gaztetxeen arteko saretzea hasteko baliatu nahi izan dira topaketok.
Hori ardatz harturik, topaketak hiru ildo orokorretan banatuko dira. Alde bateetik, “Autodefentsa” ildoa jorratuko dute, gaztetxeak “babesteko eta elkarlanerako tresnen sorkuntzan” sakontzeko. Bestetik, “Harremanak” izeneko ildoan “botere eta genero harremanen lanketa” eginen dute eta horiei aurre egiteko tresneria garatzea dute helburu. Bukatzeko, “Bizitzarako Esparruak” izeneko ildoan gazteen bizitzako esparru ezberdinetan (hezkuntzan, elikaduran…) ekoizpen eta sorkuntzarako bitartekoak eskuratu, sortu eta kolektibizatzeko planteamenduak martxan jarri nahi dituzte.
Topaketa hauen antolatzaileen esanetan, autogestioa “gizarteko beste esparruetara” zabaldu nahi dute, “praktika politiko orokor eta integral gisa harturik”. Halaber, proiektuak eta horietan parte hartzen duten pertsonen “zaintza bermatu” eta “botere harremanen desorekarako” irtenbideak bilatu nahi dituzte, eta, azkenik, “erasoen aurrean autodefentsa kolektibo baterako praktikak bultzatu” nahi dituzte.
Aurten ere egitarau zabala izanen da, ekimenen artean mahai inguru, kontzertu, antzerki, bertsosaio etab. izanik. Ekitaldi gehienak Arrotxapeako gaztetxeean izango dira.