Eztabaiden lehen haziak erein dituzte ehunka gaztek Barañaingo ‘Gazteraiki’ topaketetan
Arratsaldean iritsi dira Euskal Herriko txoko ugaritako gazteak Euskal Herriko gazte mugimenduen 'Gazteraiki' topaketetara, gogotsu eta eztabaidarako prest. Larunbatean sakonduko dute proiektuetan.
2016-ko abenduak 10
Euskal Herriko gazte mugimenduen ‘Gazteraiki’ topaketek eman dituzte jada lehen urratsak. Ostiral arratsaldean hasi dira pixkanaka gazteak Barañainera hurbiltzen, motxilak bizkarrean eta ildoetako eztabaidetan murgiltzeko gogoz. Barañaingo gaztetxe berriaren aurrean bildu eta eskumuturrekoak eskuratuta, lotarako lekuak bete dituzte pixkanaka.
Ordurako guztia prest zuten aste osoan zehar auzolanean aritu diren herritarrek: Alaitz ikastetxeko karpa handia muntatuta, koloretako seinalizazioak bidegurutzeetan eta eztabaidetarako guneak txukun-txukun. Lau eztabaida gune egongo dira hiru egunetan zehar: Eultza gunean feminismoa, autodefentsa eta komunikazioa izango dituzte eztabaidagai, Alaitzen elikadura burujabetza, euskara, kirola, lana eta gazte mugimenduak, Kultur Etxean etxebizitza, hezkuntza eta jai ereduak eta udaletxean sorkuntza.
Eztabaida laburra izan da ostiralekoa: arratsaldeko zazpietatik gaueko bederatzietara arte aritu dira gazteak ildoka eztabaidatzen, larunbatekoaren sarrera gisa. Larunbatean sakonduko dute gehiago proiektuetan.
Gauean, berriz, eskaintza kulturalaz gozatu ahal izan du Gazteraikik. Bertxortan bertso-antzerki ikuskizunak leporaino bete du Barañaingo gaztetxea, eta gune handiko kontzertuek dantzan jarri dituzte animatuenak.