Ernai: “Gazteengandik urrun egon da gure borroka eta hori aldatzea da erronka”
Euskal Herrian dagoen testuinguru berrira egokitzeko barne hausnarketa prozesu batean murgilduta dago ezker abertzale osoa. Abian eta Sorturen birfundazio prozesuekin batera, Ernai gazte erakundeak ere bere barne prozesua abiatzeko asmoa du. Udaberrian izanen da, baina larunbat honetan aurkeztuko dute Gernikan. Info7 Irratian egindako elkarrizketa batean, Ernaiko Lur Albizu eta Mikel Urdangarin prozesu honen zehaztapenak eman dituzte.
2016-ko urriak 28
Ernai gazte antolakundea sortu zenetik 4 urte betetzeko diren honetan, II.Kongresu Prozesua burutzeko prestaketak egiten ari da Hego Euskal Herriko herri zein auzoetan. Zukgua prozesutik egun arteko “borroka oparoaren uzta jaso, eta aurrera begirako erronkak” markatu nahi dituzte Ernaiko gazteek.
Prozesuaren aurkezpena larunbat honetan Gernikako Astra espazio autogestionatuan izanen da. Aurkezpenean Prozesu Kongresuko helburuak, faseak, bitartekoak eta parte hartzeko gida aurkeztuko dituzte.
“4 urte luze izan dira gazte antolakundean, baita militanteongan ere. Atzera begira begirada luzatuta, asko dira aurrera eramandako borrokak. Ez soilik hori, milaka gazte hutsetik batu eta antolakunde oso bat eraiki genuen. Militantzia eredu berriak martxan jarri, herri eta auzoetako gazte problematiken inguruan hausnartu, borrokarako espazioak sortu…era berean Euskal Herriko askapen mugimenduan gure ondar aletxoa jartzeari ekin genuen”, adierazi du Ernai gazte antolakundeak.
Baina bide guztia ez da erraza izan eta akatsak egon badira. “Egindakotik ikasiz, akatsak hausnartu eta ongi egindakoak eraginkortzera goaz. Gazte estrategiaren gainean hausnartu, Ezker Abertzaleko ABIAN prozesuaren ondorioak geure egin eta antolakuntza zein funtzionamenduan aldaketak egitera goaz. Martxan jarri beharreko prozesu independentista aurrera eramateko, Gazte Antolakunde eraginkorra izatea ezinbestekoa izan da”.
Info7 Irratian Lur Albizu eta Mikel Urdangarin-ekin egindako elkarrizketa batean, gazte erakundeko arduradun hauek onartu dute “gazteengandik urrun” egon dela Ernairen borroka “eta hori aldatzea da erronka”.
Bestetik, eta Sorturen birsortze prozesuari begira, “buru-belarri” parte hartuko dutela iragarri dute, “denon esku baitago SORTU indartsu bat edukitzea”, eta horregatik, Ernairen prozesu kongresuko eztabaidak atzeratu egin dituzte bi prozesuen eztabaidak ez bateratzeko. “Lehenik denon orubea erabaki behar dugu, orube horretatik geure ekiteko”.