Larunbatean bideak batuz, gazteok Bilbora

Azterketa garaia dugu maiatza. Milaka gaztek udaberriko lehen eguzki izpiekin batera liburutegi, ikasgela eta hamaika txoko betetzen ditugu liburuen artean murgilduta. Lan guztia, zenbaki batean kalifikatzeko, horren presioa bizkar gainean sentituz. Gero “saria”: gure lan indarra saldu eta azken izerdi tanta xurgatuko digun merkatu kapitalista.

Irati Sienra, Ernai gazte antolakundeko kidea.

2016-ko maiatzak 27

Gutako askok ezaguna dugu “sari” hori. Full time deituriko ikasleok edo aspaldi

ikasketak utzita ditugunok ere, handik hona gabiltza lau xox miserable lortzeko

enplegurik ziztrinenak onartzen. Kontraturik gabe, praktikaldiekin lanpostuak

ordezkatzen, aldi baterako enplegu bat, bi edo hiru elkarrekin uztartzen… Orainean

biziraunarazi nahi gaituzte. Gazte sumiso, otzan eta isil, etorkizunik gabekoak.

Zurrunbiloaren erdian ordea, komeni da ikasgelatik irten, begiak itxi eta bizi dugun

egoeraren zergatiei erreparatzea. Norbere buruari galdetu ea gauzak aldatzeko prest

gauden. Eta baiezkoa bada erantzuna, egin dugunaren inguruan pentsatu beharko

genuke. Azken hilabeteei erreparatu eta joder, uste baino gauza gehiago gertatu dira

gure Herrian.

Aldaketa soziala aldarrikatu eta bizitza burujabea eraikitzeko gogoa, nahia eta

gaitasuna bildu genituen urrian Alternatiben Herrian. Euskal Herritik kanpo sortutako

borrokek ere oihartzuna izan dute, ezin ahaztu otsailaren amaieran Herrialde

Katalanetako deialdiaren testigua hartu eta Movistar enpresaren aurkako borrokari lotu

ginenekoa. Prekarietateak emakume aurpegia duelako mobilizatu ginen martxoaren

8an, baita borrokarako prest gaudela aldarrikatu Gasteizeko kaleetan apirilean. Ama

lurra suntsituz aberasten direlako, eman genituen pedalkadak aurreko asteko Txirrinka

martxan.

Berriz ikasgelara bueltatzen gara irratiko esatariak dioenarekin batera. Paper batzuk

Panaman eta betiko kontua: aberatsen inpunitatea berriz ere agerian. Pribilejioak eta

pribilegiatuak. Ilegala etxe desjabetzea gelditzen saiatzea da, edo banketxeak pinturaz

zikintzea. Donostian etxerik gabeko herritarrak hotzak jota hiltzea edo patronalak

aurten Euskal Herrian 96 litro odol isuri izana ez da arazo bat. Etika merkea,

boteredunak aberasten jarraitzeko. Sistemak ederki funtzionatzen du.

Egoeraren krudeltasunarekin nahikoa ez, eta gorbatadun jauntxoak aurpegira

barrezka. Semeei Lanbiden lanik ez bilatzeko aholkua ematen Blasco, Urkullu gazteoi

kanpora joateko gonbidapenak luzatzen… Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ederki

ezagutzen ditugu aspalditik hauen laguntxoak.

Herri mugimenduarekin batera, tokian tokiko borroketan murgildu gara gazteok. Nahiz

eta argi dugun, gure problematika espezifikoa dela, eta gazte bezala borrokatu eta

gure arazoei aurre egiteko tresnak eraiki behar ditugula. Guk egiten ez badugu inork ez

digulako ezer oparituko, gure kabuz ala hil.

Sistemaren logika borrokatu eta gainditzeko prest dago Euskal Herriko gazte

mugimendua, proiektuak sortuz bidean aurrera eginez. Firestone fabrika okupatuan

bildu ginen urte amaieran, obretan dagoen mundu honetan gazteok ere eraikuntza

lanetan gaudela erakutsiz. Apirilaren 30ean kaleak astindu genituen ehunka gaztek,

baita langileon nazioarteko egunean ere.

Gazte askeak izan nahi dugulako aldarrikatzen dugu burujabetza prozesua, Euskal

Herrian garatu beharreko aldaketa prozesua. Bide horretan, eguneroko iraultza txikien

logikari helduz, bizi baldintzak duindu, balore iraultzaileak garatu, bizi eredu berriak

eraiki, sistemaren logikatik kanpo proiektuak sortu… guzti hauen elkarrekintzaz lortuko

dugu botere hegemonikoa zalantza jarri eta arrakalak sortzea.

Ernaiko kideok, gazte mugimenduarekin batera, eta herri mugimenduarekin

elkarlanean, askapen prozesuaren baitan dugun onena emateko prest gaude.

Maiatzaren 28an ere Bilboko kaleetan elkartuko gara, prekarietatearen aurkako

borrokan pausu bat aurrera eginez eta bideak batuz. Obedientziaren aurrean,

desobedientzia. Sumisioaren aurrean, intsumisioa. Burugabetasunaren aurrean,

burujabetza eta dependentziaren aurrean, independentzia.

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ipar, gazte botereaz Euskal Herria

askatu!

Gehiago