Ekainaren 18an Iruñeak gaztetxe berria izanen du
Gaur egungo gaztetxea hustu eta berrira pasatuko dira gazteak, Iruñeko Udalarekin akordio bat lortu ondoren.
2016-ko apirilak 23
Abenduaren 5ean Merced kalean okupatu zen lokala ekainaren 18an itxiko ditu bere ateak, eta gaztetxea Iruñeko Udalak utzitako tokira pasatuko da. Hilabete hauetan ekimen ugari antolatu dituzte, eta eraldaketa sozialerantz urrats txiki, baina beharrezkoak eman nahian, sakoneko proiektu bat landu eta gauzatu dute gazteek.
“Egun, auzoa, autogestioa eta autoantolakuntza herritarra oinarrian dituzten borroka ezberdinen partaide gara, besteak beste, partriarkatuaren aurkako borroka, elikadura subiranotasuna, soldatapeko lanari kritika, etxebizitza eta gazte emantzipazioa, kultura askea eta herritarra, errepresioaren salaketa eta euskara bultzatzea. Borroka ezberdinak, zeinetan, lehenbiziko alternatibak jaiotzen hasiak diren: euskara klaseak, talde feminista, jantoki herrikoia, gazte prekarioen sarea, liburutegi antagonista, eta buruan dauzkagun beste hamaika proiektu alternatibo”, aipatu ditu Gaztetxeko asanbladak.
Iruñeko Udalak eskainitako gune berriak gazteen proiektua garatzeko ezaugarri fisiko egokiagoak betetzen ditu, baina prozesua hilabete batzuk luzatu da oztopo administratibo eta legalak direla eta. “Hortaz, prozesu honek gure hasierako irakurketa berretsi besterik ez du egiten, hots, instituzioek eta herri mugimenduek erritmo ezberdinak dituztela eta batzuk ezin direla besteengandik gailendu. Oztopo legal horiek gaindikatzeko herri mugimenduaren aldeko borondatea azaltzen ez den bitartean, batak bestea mugatzen duelarik. Guztiagatik, beste behin ere, benetako aldaketa, halabeharrez, kaletik, herri boteretik, jaioko dela aldarrikatzera gatoz; eta berau, ahalduntze kolektiboa oinarrian duen prozesu baten bidetik soilik etorriko dela. Era berean, orain arte izandako lorpenak, kaletik datorren ahalduntze horri esker erdietsi ditugula argi dugu, okupazioari esker”, adierazi dute gaztetxekoek.
Oztopoak oztopo, Gaztetxearen lekualdatzea bi hilabeteren buruan izango da, datorren ekainaren 18an zehazki, non espazio berriaren irekiera ospatuko denn. Hitzordu berezi horretarako, ekintza eta jarduera ezberdinez osaturiko egun osoko egitarau oparoa prestatu dute, eta kontzertu itzel batzuekin emango diote amaiera ospakizun egunari.