Berriozarko Gazte Topaketekin gaztetxearen funzionamenduaren inguruko eztabaida zabaldu dute
Herriko gazteen arteko harremanak sendotzeko eta gaztetxearen funzionamenduaren inguruko eztabaidatzeko erabili dituzte aurtengo gazte topaketak.
2016-ko martxoak 28
Martxoaren 11tik 13ra Mendialdea ikastetxean zita jarria zuten Berriozarko gazteek, Taupada gaztetxeak deituta. Aurtengo Gazte Topaketen edizioko helburu nagusia zen, gazteen arteko harremanak saretzen jarraitzeaz gain, gaztetxeari konpromezu eta parte hartzeko modu ezberdinak bilduko dituen egitura bat ematea. Hori larunbat arratsaldeko 3 orduko eztabaida-dinamikaren bidez egin zen eta zorionez, hura izan zen topaketetako momenturik jendetsuena, 40 pertsona inguru bildu zirelarik.
Asteburuarekin hasteko, ostiralean afari bat egin zuten. Larunbateko jarduerak maitasun erromantikoaren inguruko tailer batekin hasi ziren, egungo gizarteak saltzen duen maitasun eta harreman eredua “hankaz gora jartzeko”. Monogamia aukera bakarra ez dela azpimarratu zuten, heterosexualitatea eta betiereko maitasuna ez diren bezala. Horren ostean, nahi izan zuenak orrazten eta makillatzen ikasteko aukera izan zuen bazkaldu aurretik.
Topaketetako momentu arrakastatsuenari hasiera eman zitzaion asanblada batekin gaztetxeko lantaldeei, asanblada orokorrari, irekierari, giltzen kudeaketari eta bestelako gaiei buruz eztabaidatzeko. Talde txikietan banatu eta haietatik jasotako ekarpenak bilduz, etorkizun hurbilean gaztetxearen egituraketa izan daitekeenaren bozeto bat osatu zuten denen artean.
45 pertsona inguruko afariaren ostean, gymkana joko bat egin zuten eta egunari amaiera emateko masaje saioa.