#GazteDanbada Askotariko eskaintza ahalduntzerako eta aisialdiaz zein festaz gozatzeko

Ekintza andana antolatu dute Laudion Gazte Danbada jaialdiak iraungo duen hiru egunetarako. Formakuntza saioak eta entretenimendurako zein parrandarako aukera uztartu dituzte.

2016-ko martxoak 23

Martxoaren 25etik 28ra bitarte ospatuko dute Aitzina eta Ernai antolakundeek Gazte Danbada jaialdia Laudion, Esna harrapa gaitzala lemapean. Hiru puntutan jarri dute indarra aurtengoan: musikari gazteei oholtzara igotzeko aukera emanez eszena gazte eta berritzailea bultzatzea, elikadura burujabetzaren alde pausoak emateko tokiko produktuak kontsumitzea, eta elkar zaintzea. Azken horri dagokionez, jakinarazi dute jaialdian uneoro eta momentu berean gutxienez 100 gazte ibiliko direla lanean, eta horiek zaintzea izango dela lantalde baten ardura. Halere, ohartarazi dute denak gustora egotea guztien esku egongo dela, eta ahalegin berezia egingo dute horretan.

HITZALDIAK
Gai hauek izango dituzte hizpide: gazte boterea, burujabetza, autogestioa, Euskal Estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, Ipar Euskal Herriko errealitate instituzionala, internazionalismoa, Euskal Herria Zuzenean festibala, elikadura burujabetza, gazteek bizi duten prekarietatea, komunikazioa, hezkuntza, drogak, euskalgintza, kirola, geopolitika etab.
Horretarako, hainbat lagun gonbidatu dituzte hitza hartu eta eztabaida sustatzera: CUPeko Anna Gabriel, Eskoziako hautagaia den Cat Boyd, Jule Goikoetxea, EH 11 koloreko lagunak etab.

TAILERRAK ETA KULTUR ESKAINTZA
Ekintza praktiko mordoa ere egingo dute: zirkoa, josten ikasteko saioa, xamurtasun tailerra, serigrafia eta txantiloiak egiten ikastekoak, “ideiatik formara” sorkuntza prozesua, rap eta sendabelar tailerrak, antzerkia, tratu onak, sormen prozesu kolektiboa etab.
Kultur eskaintzari dagokionean,  Ez da kasualitatea bertso saioa, Erractus poesia saioa, espetxearen inguruko poesia emanaldia, Marx attacks antzerkia, African dance, zumba euskaraz, agro olinpiadak, Lekeitioko Deabruak, Joseba B. Lenoir eta Olatz Salvador, elektrotxarangak, Aiaraldea Sound System, Electroswing, performancak eta beste hamaika kontuz gozatzeko aukera izango da.

KONTZERTUAK
Musika eskaintzari dagokionean, bi gune nagusi egongo dira aurten. Oholtza gainean bakerik ez! ekimeneko 27 talde igoko dira bi eszenatoki horietako batera, eta parte hartu duten beste hainbatek herrian zehar jarriko diren bestelako gune batzuetan jotzeko aukera izango dute. Hemen dituzue entzungai parte hartu duten 66 taldeak: topatu.eus
Beste karpan, aldiz, honako hauek joko dute: Esne Beltza, Afu, Gatibu, Norte Apache, McOnak, Blaka, Sorkun, Non Servium, Arkada Social, Juantxo Skalariak, Ken Zazpi, Gose, Pixontxis, Belako, Las Tea’s Party eta Xutik.

OSTIRALA      LARUNBATA      IGANDEA

Gehiago