Finkotasuna aitortu diote 2008tik bitarteko kontratuak izan dituen irakasle bati
2026-ko azaroak 19
STEILASek bultzatutako prozesu judizial batean, epai bidez, finkotasuna aitortu zaio 2008tik bitarteko kontratuak izan dituen irakasle bati; irakasle horren eskubideak babesteaz gain, epaiak “urrats garrantzitsua dakar gehiegizko interinitatearen aurkako borrokan”, sindikatuaren hitzetan. Hezkuntza Departamentuak, ordea, epaiaren aurkako helegitea jarri duela ere argitu du sindikatuak.
“Epaiaren aurkako helegiteak agerian uzten du Nafarroa Garaiko Gobernuak langile publikoen eskubideen aurrean duen jarrera. Behin eta berriz urratzen ditu enplegu publikoan behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera mugatzen duen Europar Batasuneko zuzentaraua, eta ez du errespetatzen Espainiako Auzitegi Gorenak finkotasunaren inguruan ezarritako jurisprudentzia, ezta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko epaiak ere. Administrazioaren interesak lehenesten ditu langileen eskubideen gainetik”, salatu du STEILASek.
Iruñeko egoitzan eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, finkotasuna da “zerbitzu publikoen kalitatea eta egonkortasuna bermatzeko nahitaezko baldintza eta, beraz, eskubide kolektiboa”. Gaineratu dute langileen egonkortasunik gabe zaila dela hezkuntza komunitateen segida eta ikastetxeko proiektuen garapena. “Bereziki zaurgarriak dira landa eremuko eskola txikiak, non plantilla egonkorrak izatea ezinbestekoa den komunitatearen biziraupenerako. Bien bitartean, eta diru publikoz finantzatuta, itunpeko sare pribatuko irakasleek askozaz ere egonkortasun handiagoa dute, eta hezkuntza publikoarekiko desabantailak areagotzen dira”.
Hezkuntza sindikatu honen arabera, Gobernuak behin-behinekotasun tasa altuei eusten die langileak komeni zaionean kaleratzeko, “eta hori ez da enplegu publiko egonkorraren eta kalitatezkoaren aldeko politika, langileen prekarizazioa instituzionalizatzea baizik”.
Hitz gogorrak izan dituzte sozialisten hezkuntza politikak salatzerakoan. “PSOEk eta haren sateliteek etengabe aldarrikatzen dute zerbitzu publikoen bermatzaile direla baina, praktikan, PPren antzeko politikak aplikatzen dituzte”, esan dute STEILASeko ordezkariek. Baieztapen hori argudiatzeko, Nafarroan eskuinak ezarritako politikak eta neurriak gaur egun aplikatzen direnekin parekatu dituzte. “2012an, Hezkuntza Departamentuko langileriaren gaur egungo zuzendari nagusia zen garai hartan giza baliabideetako zuzendaria eta PPk agindutako murrizketak gauzatu zituen, UPN eta PSN koalizioan gobernatzen ari ziren legegintzaldian. Carlos Gimeno ere gobernu hartako kide zen”. Ondorioak latzak izan zirela azpimarratu dute, izan ere 800 irakasle baino gehiago kaleratu zituzten eta ratioak eta irakaskuntza zuzeneko orduak igo ziren eta erosahalmena hagitz jaitsi zen. “Krisia aitzakia hartuta, politika austerizidak ezarri ziren, irakasleen lan baldintzak modu basatian okertu, eta hezkuntza publikoak kolpe latza jaso zuen. Beste krisi bat gertatuz gero, Gobernu honek ez luke zalantzarik izango murrizketa gogorrak berriro aplikatzeko eta irakasle guztien lan baldintzak txartzeko”, uste dute.
Gauzak horrela, STEILASeko ordezkariek aurreratu du ez dutela onartuko langile publikoen eskubideak “Gobernuaren interesen edo politika austeriziden menpe” jartzea. “Finkotasuna bermatzea ez da hautazkoa, legezko betebeharra baizik. Nafarroa Garaiko Gobernuari eskatzen diogu epaia betetzeko, beraz, helegitea kentzeko, gehiegizko behin-behinekotasunarekin bukatzeko eta hezkuntza publikoaren egonkortasuna segurtatzeko behar diren neurriak hartzeko”.
