“Eskuin muturraren gorakada ikusita eta gobernatzeko aukerak daudela, greba honek etor daitezkeen murrizketa sozialei aurre egiteko ere balio behar digu”
Imanol Pascual
ELA
2026-ko urriak 30
Azaroaren 11an Greba Orokorra izanen da Euskal Herrian, eta badirudi deialdi historikoa izanen dela. Azkenik, bat egin duzue Estatutik ezarritako datarekin, eztabaidak gora eztabaidak behera. Horretaz aparte, irakurketa eta aldarrikapen propioak jarri dituzue mahai gainean…
Egia da sindikatu guztiek bat eginen dugula data berean baina hori ez zen izan gure hasierako planteamendua, Euskal Herrirako data propioa jartzea nahi genuelako. Guk uste dugu ez garela Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat martxoaren 17ko Greba Orokorrean argi geratu zen bezala, eta data ezberdin batean greba egitea Madrilgo marko eta elektoralismotik aldentzeko aukera ematen zuelako.
Hala eta guztiz ere, buru belarri lantzen ari gara Azaroaren 11kako Greba Orokorra. ELAren ustez, etxebizitzaren egoera hau ez da saihestezina; aitzitik, urte askotan Nafarroako Gobernuak eta udalen etxebizitza politikaren fruitu izan da. Argi dago etxebizitza politikek huts egin dutela: lehenetsi den ereduak, jabetza oinarri hartuta, eraikuntza enpresei eta bankuei egin die mesede; alokairu publikorako eraikinak ez dira behar bezala finantzatu, eta espekulazioari ez zaio galgarik jarri. “Alokairu babestua Nafarroan %2 baino ez da, eta Europan %6,5. Maila horretara iristeko, Nafarroan 15.600 bizileku gehiago behar ditu.
Testuinguru horretan, azaroaren 11ko Greba Orokorraren oso garrantzitsua da etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko.
“Argi dago etxebizitza politikek huts egin dutela: lehenetsi den ereduak, jabetza oinarri hartuta, eraikuntza enpresei eta bankuei egin die mesede”
Uste duzu azken egunetako hainbat tokietan izan diren liskarrak eta istiluak deialdia desitxuratzeko eta giroa nahasteko baliatuko dituztela grebaren eragina apaltzeko asmoz?
Sindikatuak bere konpromiso antifaxista indartzen jarraituko du, indarkeriarik gabeko mobilizazio masiboekin bat eginez.
Gure ustez indar erreakzionarioenak direla, hain zuzen ere, etekin politikoa ateratzen dutenak azken egunetan gertatutakoak bezalako egoerengatik. ELAk bere konpromiso antifaxista indartzen jarraituko du, eta horretarako indarkeriarik gabeko mobilizazio masiboak bultzatuko ditu.
“ELAk bere konpromiso antifaxista indartzen jarraituko du, eta horretarako indarkeriarik gabeko mobilizazio masiboak bultzatuko ditu”
Etxebizitzarekin egiten den espekulazioa, negozio bat izateaz gain, beste egoera bat sortzen du: etxebizitza krisiak langile-klaseren aspirazioak eta anbizioak geldiarazten ditu. Etxebizitza eskuratzeko edo hipoteka ordaintzeko kezkaturik zauden bitartean, ezin duzu beste ezertan pentsatu. Ezin duzu haratago begiratu. Nola aldatu egoera hau? Nola lortu etxebizitzaren krisiari erantzun hau aldaketa eraldatzaile bihurtu?
Etxebizitza gure gizartearen arazo nagusietako bat bilakatu da. Jende askok ezin du etxebizitza bat erosi eta alokairuan bizitzea besterik ezin du egin. Orain dela gutxi aurkeztu dugun txostenean ondorioztatzen den bezala, alokairua gero eta ohikoagoa da errenta baxuenetean. Izan ere, alokairuan bizi direnen erdia biztanleriaren %20 pobreen taldean kokatzen da. Honen atzean, pertsona prekarioenak daude: emakumeak, pertsona migratuak, gazteak edo desgaitasunak dituztenak.
Egoera honek dakarrena da alokairuen bidezko errenta transferentzia argia langile klasetik errenta altuagoa dutenetara. Etxebizitza desberdintasun sozialak handitzen dituen elementu nagusietako bat da, soldaten eta etxebizitzaren prezioaren eboluzioa da horren adibide. 2015etik hona erosteko prezioa %63a handitu da Nafarroan; aldiz, soldatak %32a handitu dira, hurrenez hurren.
“Etxebizitza desberdintasun sozialak handitzen dituen elementu nagusietako bat da”

Greba honekin bai patronalari eta baita EAE eta Nafarroako Gobernuei zuzenduko zarete. Zer eskatzen diezue? Badute etxebizitzaren gaian, soldatetan eta prezioen garestitzean zer esanik eta zer egiterik?
Greba Orokorra honetan, etxebizitzak negozio bat izaten uztea eta eskubide bat izatea eskatu nahi dugu. Hori lortzeko Nafarroako Gobernuak eskumen nahikoak ditu, baina errealitatea da UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik ez direla egiturazko neurririk hartu rentistek pertsona ahulenen kontura negozioa egiten jarrai dezaten ekiditzeko. Ikusi besterik ez dago 2015etik hona Nafarroan etxebizitzen prezioa soldatak baino bi aldiz gehiago igo dela.
Azkenengo adibidea da Nafar Gobernuak 2027rako aurkeztu duen aurrekontuen proposamena, bertan bakarrik aurrekontuaren %1,6 bideratuko dute etxebizitzara. Aurreko urteetako aurrekaria ikusita, PSN, Geroa Bai, Contigo Zurekin eta EH Bilduren botoekin aurrekontuak aurrera egingo duela pentsarazten du. ELArentzat ez da onargarria beren burua aurrerakoitzat duten alderdi batzuek portzentai eskas hori gizarteko pertsona ahulenei sufrimendua eragiten dien arazo batera bideratzea. Horregatik, Nafarroako Gobernua osatzen duten 3 alderdiei (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) eta EH Bilduri eskatzen diegu
%1,6 soilik etxebizitzara bideratzen duten aurrekontuen aurka bozka dezaten eskatzen diogu.
“Nafarroako Gobernuak eskumen nahikoak ditu, baina errealitatea da UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik ez direla egiturazko neurririk hartu rentistek pertsona ahulenen kontura negozioa egiten jarrai dezaten ekiditzeko”
Eragile askoen ahotan dago funts putrei etxeak desjabetzearena. Hori posiblea da juridikoki? Zer bestelako neurriak hartu behar dira etxebizitzaren krisiarekin amaitzeko?
Etxebizitzaren egoerari aurre egiteko zazpi proposamen egiten ditugu:
◦ Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.
◦ Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio-sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten.
◦ Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko.
◦ Alokairuaren prezioen interbentzioa: Nafarroa osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak.
◦ Alokairuko parke publikoa handitu: Eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.
◦ Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.
◦ Etxebizitza esparru propiorantz jo: Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko.
Greba orokorra hauteskundeen atarian eginen da, eta baliteke arazo honek kanpaina markatzea. Uste duzue egokia izan daiteke hauteskundetan gai sozialak eta klase langileen arazoak mahai gainean egotea? Hori olatu erreakzionarioa geldiarazteko baliogarria izan daiteke?
Greba Orokor honi zilegitasun osoz egin behar diogu aurre: Nafarroan gai gara aliantzak sortzeko etxebizitza-sindikatuen artean, pentsiodunen artean, mugimendu feministaren artean, gazte-taldeekin, ikasleekin, elkarte ekologistekin… Era berean, harro gaude Euskal Herria lantokietan greba gehien egiten diren Europa osoko tokia delako, eta Espainiako Estatuan azken 30 urteetan 4 greba orokor egin diren bitartean, guk 13 egin ditugu.
Eskuin muturraren gorakada ikusita, laster Espainiako Estatuan gobernatzeko aukerak daude. Horregatik, greba honek etor daitezkeen murrizketa sozialei aurre egiteko ere balio behar digu. Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean, neoliberalismoak bakarrik nahi gaituenean, grebak sentimendu kolektiboa eskaintzen du, eta ikuspegi globala eta horizonte kolektiboa ematen die borroka guztiei. Beti pentsatu izan dugu faxismoari aurre egiteko antidotorik onena mobilizazioa, antolakuntza, elkartasuna eta eskubide sozialen defentsa direla.
Hau guztiagatik, Nafarroako langileei datorren azaroaren 11an lantokiak hustu eta kaleak betetzera dei egiten diegu.
“Beti pentsatu izan dugu faxismoari aurre egiteko antidotorik onena mobilizazioa, antolakuntza, elkartasuna eta eskubide sozialen defentsa direla“
