Dena prest Elizondon Gazte Topagune Sozialistarako

Urriaren 9tik 12ra Elizondon ospatuko da aurten IAS (Ikasle Antolakunde Sozialista) eta GKSk (Gazte Koordinadora Sozialista) antolatutako Gazte Topagune Sozialista. Antolatzaileek faxismoaren gorakada nahiz estatuen autoritarismoa jopuntuan jarri dituzte, eta Euskal Herriko gazte langileei sozialismoaren bidean indarrak batzeko deia luzatu diete.

2026-ko urriak 5

Ostiralean hasiko da egitaraua, eta antolakuntzatik azken prestaketak egiten ari dira asteburu osoko egitarau bati ekiteko. Autoritarismoaren gorakadaren testuinguruan kokatzen dute aurtengo hitzordua. “Estatuen autoritarismoaren eskutik, poliziaren bortizkeria inpunitate osoz areagotzen ari da gazte langileon aurka, ikusi besterik ez dago aste honetan Justizia Anderrentzat plataformak Santurtziko gaztearen heriotza eragin zuten interbentzio polizialaren irudiek erakusten duten inpunitate eta bortizkeria maila eta aurreko astean bertan festa testuinguruan pankarta bat zabaltzeagatik Hondarribiako gazteen aurkako jazarpen poliziala. Eskubide politiko zein zibiletan atzeraka goaz eta mugimendu sozialen nahiz antifaxisten aurkako kriminalizazio kanpaina erraldoiak ari gara jasaten denbora luzez alderdi politiko nahiz komunikabideen partetik. Hori guztia, ordea, mundu mailako joera orokor baten baitan kokatzen dugu; gero eta estatu autoritarioak ezartzen ari dira, eskubide politiko nahiz sozialak ezabatuko dituen legedia erreformatzen, polizia inpunitatez eta armez hornitzen eta estatuak militarizatzen. Europa guztiko estatuak biraketa horren parte dira. Horregatik, langile klasearen baitan ezin dugu atzera pausorik eman eta eskubide horien defentsan klase batasuna eraiki behar dugu”.

Faxismoa mundu mailan hedatzen ari dela eta horrek Euskal Herrian duen eragina nabarmendu dute. Adibide gisa, euskararen aurkako oldarraldia aipatzen da. “Beraz, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egin behar diogu. Sozialismoaren bidean indarrak batzeko unea da eta gazte langileok pauso bat aurrera eman behar dugu.”

Topagunea aldarrikapenerako espazioa izatetik harago doan ekimena dela ziurtatzen dute. “Aktualitateaz nahiz gazte langileok egunerokoan bizi ditugun problematikei sakontasunez heltzeko hitzaldiak antolatu ditugu: faxismoari aurre egiteko taktika antifaxistaz, autoritarismoaren gorakada garaietan Mugimendu Sozialistaren egitekoez, krisi ekologikoaz, etxebizitzaren problematikaz, sexu industriaz, nazioa auziaz eta ezkerkeriaz ariko gara besteak beste. Gai horiek guztiak ikuspegi sozialistatik jorratzeko. Aldarrikapenerako uneak ere izango ditugu: igandean mobilizazioa eta ekitaldi politikoa eta astelehenean, hispanitate egunean, hitzartze politikoa. Eta horrez gain, kirolerako uneak, ikuskizunak eta arte nahiz musika eskaintza zabala ere izango ditugu.” Topagunearen egitaraua ere zabaldu dute.

Gazte Topagune Sozialista, bestetik, “faxismoaren aurre egiteko prest gaudela erakusteko”,”, baliatu nahi dute, “milaka garelako Euskal Herrian autoritarismoari eta faxismoari aurre egiten ari garen gazte langileak”.

Gehiago