Palestinako erresistentziari babesa eta Israel boikoteatzeko deia egin zuten Bilbon milaka lagunek

Larunbatean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak "inperialismoaren eta sionismoaren aurka eta palestinar erresistentziaren alde" milaka lagun bildu zituen Bilbon.

2026-ko urriak 5

Urriaren 7an, hiru urte beteko dira Palestinaren aurkako genozidioa areagotu zenetik. Azken egunetan Palestinaren aldeko mobilizazioak areagotu egin dira, eta larunbatean Bilbon bildutako milaka lagunek bere aletxoa jarri nahi izan zuten.

“Sionistek are muturrerago eraman dute palestinar herriaren aurkako indarkeria. Politika espantsionista eta garbiketa etnikoa indartzen jarraitu dute. Sionismoak bonbardatzen jarraitzen du, hiltzen, atxilotzen, torturatzen. Eta genozidioa telebistan emititu bitartean, nazioarteko komunitatea delakoaren pasibotasuna gailendu da”, salatu zuten manifestazioaren amaieran.

Urriaren 7an palestinar erresistentziak “nahikoa da” esan zuela azpimarratu zuten komunikatuan. “Nazioartean ia ahanzturan zegoen Israelek bere sorreratik palestinarren aurka aurrera daraman garbiketa etnikoaren prozesua. Baina iragan diren hiru urte hauetan, berriz ere argi geratu da zein den Israelen izaera kriminala, eta nazioartean zilegitasuna galtzen joan da. Hori erresistentziaren irmotasunari zor zaio lehenik eta behin, eta baita nazioarteko elkartasunari ere”.

Euskal Herrian erresistentzia babestea eta Israelekin harremanak bertan behera uztea aldarrikatzea dagokiola uste dute. “Besteak beste, Sidenor, CAF eta genozidekin negozioa egiten duten beste euskal enpresen erantzukizuna salatuz, eta gobernu eta alderdien hipokrisia seinalatuz”.

Palestinarekin elkartasuna indartzeko eta Israeli boikota egiteko deia egin zuten.

Gehiago