29 tortura kasuak berriz ikertzeko eskaera egin dute negazionismoa eta zigorgabetasunarekin amaitzeko
Euskal Herrian inoiz izan den ekimen judizialik jendetsuena aurkeztu zuten larunbatean Donostian, 2009ko azaroan Ezker Abertzaleko gazteen kontrako polizia-operazioan atxilotutako pertsona guztiek torturak salatu baitzituzten. Segi antolakundearen kideak izategatik atzeman zituzten eta urte batzuk beranduago, Espainiako Auzitegi nazionalean izandako epaiketan, guztiak absolbitu egin ziren.
2026-ko urriak 5
Gaur egun Barne Ministroa den Fernando Grande Marlaska izan zen operazioa eraman zuen epailea. Gazteek salatu dutenez, beste alde batera begiratu zuen tortura salaketak egin zirenean. Orain, torturatu zituzten 29 pertsonek iragarri dute modu kolektiboan eskatzen ari direla beren tortura kasuak judizialki berriz irekitzeko. Auzipetutako 40 pertsona guztiek lagunduta agertu ziren Donostiako Bakearen usoa monumentuan.
Salaketa publikoa 2009ko azaroan hasi zen, Euskal Herriko hainbat lekutan Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak 32 pertsona atxilotu zituztenean eta beste 8 pertsona atxilotzen saiatu zirenean. Pertsona horiek, azkenean, Italian eta Iparraldean atxilotu eta Espainiako justiziaren esku utzi zituzten. Guztiei Segi gazte erakundean militatzea leporatu zieten.
Negazionismoaren eta zigorgabetasunaren aurrean, torturatu zituzten horietako batzuek jasandakoa instituzionalki aitortzea eskatu eta lortu dute, nafar batzuen kasuan, adibidez. Horietako bat da Itxaso Torregrosa burlatarra, torturatu guztien izenean hitza hartu zuena.
Operazio polizial horren 17 urte geroago, egia judiziala eskatzeko ordua heldu dela diote. “Botere judiziala da, zalantzarik gabe, nazioarteko eskakizunekin (egia, erreparazioa eta justizia, eta ez errepikatzeko bermeak) bat egin gabe jarraitzen duen azken kate-maila. Salbuespenezko jurisdikzio penala, estrategia integralean funtsezkoak diren bi lan bere gain hartu dituena: torturak erabiltzea zigorrak eraikitzeko eta torturatzaileei erabateko zigorgabetasuna ematea. Lege penal bat etsaiarentzat, beste bat lagunarentzat”, salatu dute GEBehatokiak taldeko Iratxe Urizar eta Aiert Larrarte abokatuek.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza ere eskatu dute “Estatuko giza eskubideen urraketa larrien biktimei justizia emateak dakarren erronka izugarriari aurre egiteko”.
Abokatuek tortura salaketak berriz irekitzea eskatzen dute. Gogoratu dutenez, torturatu batzuek Istanbuleko protokoloa egin dituzte, tortura zantzuak demostratzen dituztenak. Beste batzuek, ondoren, euren torturatzaileak ikusi dituzte kalean, edo telebistan. Batzuk dagoeneko, instituzio publikoek biktima gisa onartu dituzte. Nazioarteko erakunde eta epaitegietan Espainiako Erresumak tortura ez ikertzeagatik ezarritako zigorrak eta tortura saihesteko neurriak ez jartzeagatik jaso dituen interpelazioak gogora ekarri dituzte.
Gehiago
Segiren aurka 2009ko sarekadan 30 gazte atxilotuk salaturiko torturak ikertzeko eskatu dute
Beste 7 torturatu aitortu ditu Foru Gobernuak, eta errekonozimenduetatik haratago egin behar dela eskatu dute biktimen elkarteek
