Beste 7 torturatu aitortu ditu Foru Gobernuak, eta errekonozimenduetatik haratago egin behar dela eskatu dute biktimen elkarteek

1974 eta 2008 artean Nafarroan torturatutako beste zazpi pertsona ofizialki aitortuak izan direla 16/2019 Foru Legearen babesean. Egiaren garaia da dinamikatik "esfortzu berezi bat" eskatu dute "guztion artean, jendarte zibilaren eta instituzioen artean, irekita dauden zauri horiek ixteko".

2026-ko irailak 22

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak beste zazpi torturatu aitortu ditu, eta horiek positiboki baloratzen ditu Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik. “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko”.

Aitortu dituzten lagunak hauek dira: Javier Agirrebengoa (Guardia Zibilak torturatua 1974 eta 1978an), Jesusa Lezaun (Espainiako Brigada Politiko Sozialak eta Guardia Zibilak torturatua 1976an), Agustin Areta (Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1982an), Josu Mujika (Guardia Zibilak torturatua 1984an), Enrique Garin (Guardia Zibilak torturatua 1992an), Iker Gomez (Guardia Zibilak torturatua 1998an) eta Gorka Sueskun (Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2008an).

Hala ere, Egiaren garaia da dinamikatik aitortzetatik haratago egitea eskatu dute. “Aitortzak, memoria osoa oinarri izango duen etorkizuna eraikitzeko garrantzitsuak izan arren, kasu askotan ez direla nahikoak erreparazio osoa lortzeko Iker Aristuren kasuak erakutsi digun bezala. Torturak ondorio larriak utzi dizkigu, berau sufritu dugun herritar askori. Sendatzen errazak ez diren zauriak, laguntzarik gabe sendatzen oso zailak diren zauriak.”

Horregatik eskatu dute “esfortzu berezi bat” gaur egun “oraindik mina eragiten duten zauriak ixteko”. Eta ahalegin horretan nabarmendu dute jendarte zibila eta instituzioak eskutik joan behar dutela.

Biktimen aitortzak, 2027ko uztailean amaituko den eskariak egiteko prozesua

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek gogora ekarri dute orain arte, eta dituzten datuen arabera, Nafarroan 151 pertsona aitortuak izan direla Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima gisa. Horien artean, torturatuak, eraildakoak, lesio fisikoak edo kalte materialak jaso dituztenak… Honekin batera, nabarmendu nahi izan dute Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak egiteko laguntzeko prest daudela, eta prozesu hau 2027ko uztailean amaituko dela.

Gehiago