“‘Urrats bat aurrera’ proposamenean Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko beharrezkotzat jotzen ditugun aferak jaso ditugu”
Maddi Urruzuno eta Amaia Arbeo Ernaiko bozeramaile berriak dira, eta aste honetan gazte antolakundeak kaleratu duen ‘Urrats bat aurrera’ proposamenari buruz elkarrizketatu ditu Ahotsa.info-k. Euskal Herrian gehiengo antifaxista bat dagoela azpimarratzen dute, eta kapitalismoaren "fase are basatiagoa eta autoritarioagoa" aurkitzen garen honetan ezker independentismoak "proiektu integral bat" eskaintzen duela aldarrikatzen dute.
Maddi Urruzuno eta Amaia Arbeo
Ernaiko bozeramaileak
2026-ko irailak 25
‘Urrats bat aurrera’ kanpaina aurkeztu du Ernaik uda honetan zehar “EH irabaztera” kanpaina burutu eta gero. Nola elkar lotzen dituzue bi kanpaina hauek? Zein da lotzen dituen logikak?
Guk, egungo testuinguruan, ulertzen dugu mundua eta Euskal Herria bidegurutze batean kokatzen direla. Kapitalismoaren fase berri bat zabaltzen ari da, are basatiagoa eta autoritarioagoa dena, eta testuinguru honetan ulertu behar ditugu faxismoaren gorakada, gerrak eta krisi ekonomiko eta ekosoziala. Hauek egunerokoan bizi ditugu, eta udan zehar hainbat gertakariren bidez ikusi ahal izan ditugu baita ere.
Zentzu horretan, guk, Bergaran egin genuen IV. Kongresuko amaiera ekitaldian bi konpromiso berretsi genituen, bata, Euskal Herriarekiko konpromisoa, eta bestea, euskal gazteriarekiko konpromisoa. Beraz, aurretik aipatu modura, testuinguruaren irakurketa hori eginez eta bi konpromiso hauei jarraiki planteatu ditugu bi kanpainak, udan zehar abian izan duguna eta irailaren 23an aurkeztutakoa. Jakin badakigulako egoera honen aurrean Euskal Herrian badaudela baldintzak herri sektoreak zentroan jarriko dituen aterabide bati bide emateko.
“Kapitalismoaren fase berri bat zabaltzen ari da, are basatiagoa eta autoritarioagoa dena, eta testuinguru honetan ulertu behar dugu faxismoaren gorakada”
Zein izan da gazte antolakundearen garapena azken garai honetan?
Kongresuan ariketa sakon bat egin genuen, eta badakigu Euskal Herriko gazte ororentzako eskaintza egiten duena eta tresna eraginkorrena dena Ernai bera dela. Ernai da gazteak termino independentistetan politizatzen dituen antolakundea, eta Ernai da gazteriaren nahi behar eta kezkak identifikatu, politizatu eta eztabaida publikoaren erdigunera eramaten dituena.
Horren adierazle nagusiak dira iazko ikasturtean zehar planteatu genituen kanpaina eta eskaintza guztiak, eta baita ikasturtea 4000 gazte baino gehiago mobilizatuz hasi izana, eta ostera “Urrats bat aurrera” kanpainaren planteamendua bera.
Beraz adibide hauekin esan dezakegu gazte antolakundearen azken urteetako bilakaera goranzkoa izan dela. Geroz eta gazte independentista gehiago baitira Ernaira, eta oro har, gure herriaren askapenaren aldeko borrokara batzen direnak.
‘Urrats bat aurrera’ proposamenean gazteei eragiten dien arazoaz hitz egiten duzue eta horiei soluzioak emateko beharraz, eta horretarako burujabetza aldarrikatzen duzue…
Guk proposamen honekin Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko beharrezkotzat jotzen ditugun aferak jaso ditugu. Hauetako bat da Euskal Herriarentzako burujabetza osoa. Ulertzen dugu Euskal Herriak ez duela testuinguru globalari herri gisa erantzuteko tresna nahikorik. Bi estaturen artean zapalduak gaude, Frantziar eta Espainiar estatuak, eta burujabetza nahikorik ez izateak gure behar eta baldintza propioetatik erantzuteko ezintasuna eragiten digu. Gainera, egoera honetan, ezin dugu gure herriaren etorkizuna bermatu.
Horregatik, beharrezkoa zaigu burujabetza osoa eskuratzea. Baina gainera, identifikatzen ditugun arazoei gure ezaugarri eta baldintza propioetatik planteatutako aterabideei bide emateko ere ezinbestekoa zaigu.
“Euskal Herriak ez du testuinguru globalari herri gisa erantzuteko tresna nahikorik. Burujabetza nahikorik ez izateak gure behar eta baldintza propioetatik erantzuteko ezintasuna eragiten digu”
Denbora guztiaz entzuten ari gara gazteak gero eta eskuinekoak direla, faxismoaren gorakada gazteriaren eskutik datorrela eta abar… Zuek zein iritzi duzue?
Uste dugu Euskal Herrian badela gehiengo antifaxista bat. Gure herrian hamarkadetako borroka tradizioaren ondorioz baditugu nazio kontzientzia zein faxismoaren aurkako euste horma indartsu bat.
Horren adibide argiak dira aurreko ikasturtean Ernaik egindako mugarrietan parte hartu duten gazteak, udan zehar euskal selekzioaren aldarrikapenaren alde antolatu diren ekimenak, eskaintza eta mobilizazio jendetsuak, eta noski, irailaren 13an Donostian 4000 gaztetik gora elkartu izana ere. Adibide horiek eta beste hainbatek garamatzate beraz baieztatzera gure ustez oker ibiliko ginatekeela gazteak geroz eta eskuinekoagoak direla esaten badugu. Izan ere, Euskal Herrian bertan hainbat izan dira gazte mailan erreakzioari zein faxismoari esparru ezberdinetatik planteatu dizkiogun erantzunak.
“Euskal Herrian bada gehiengo antifaxista bat. Gure herrian hamarkadetako borroka tradizioaren ondorioz baditugu nazio kontzientzia zein faxismoaren aurkako euste horma indartsu bat”
Argi dago ultraeskuinak arazo potoloei irtenbide faltsu edo erreza planteatzen diela, baina zer egin behar du ezkerrak jendea aktibatzeko eta irtenbide horiek lortzeko?
Euskal Herrian ezker independentismoak, eta beraz, baita Ernaik ere, proiektu integral bat eskaintzen dugu. Eta “Urrats bat aurrera” proposamena ere norabide honetan ulertzen dugu.
Uste dugu Euskal Herriko askapen prozesuak gazteon, eta oro har, euskal herritarron bizi baldintzak duintzeko giltza ematen digula. Beraz, gure egitekoa da, eta bai udan, eta baita kanpaina honetan egiten gabiltzana, gazteriaren nahi, behar eta kezkak entzun, politizatu, eztabaidaren erdigunera eraman, eta Euskal Herriko askapen prozesuan depositatzea.
“Euskal Herriko askapen prozesuak gazteon, eta oro har, euskal herritarron bizi baldintzak duintzeko giltza ematen digu”
“Urrats bat aurrera’ proposamenarekin datozen hilabeteetan 10.000 gazterekin elkartu nahi duzuela adierazi duzue. Zer espero duzue topaketa hauetaz?
Gure asmoa 10.000 gazterekin batzea da. Herri eta auzo guztietako gazteekin elkarrizketa bat mantentzea. Gazteekin batzean helburu ezberdinak bete nahi ditugu. Batetik, Ernai gazteriarentzako tresna bat dela diogunean, eta proposamen hau egiten dugunean, ahalik eta gazte gehienengana iristeko asmoa dugu, eta proposamen hau, ahalik eta gazte gehienekin partekatzekoa.
Bestetik, proposamen honen gainean gazteek duten iritzia ere jakin nahi dugu, zein kezka eta behar dituzten entzun, proposamena elkarbanatzeaz gain, osatu ahal izateko. Ariketa honek Euskal Herriko hainbat gaztek diagnostiko partekatu bat edukitzera eramango gaitu, eta uste dugu hau ariketa potente bat dela gerora beste proposamen batzuk planteatu ahal izateko.

