Landa eremuko hainbat eskoletan dagoen garraio arazoaz ohartu eta irtenbidea eskatu diote Hezkuntza Departamenduari

2026-ko irailak 11

Ikasturte honen hasieran hainbat guraso elkarteek mobilizazioei ekin diete eskola garraioan izandako aldaketak direla eta. Aezkoan, Basaburuan eta Lizarraldean ageri dira arazoak Hezkuntza Departamendutik garraioan aldaketak egin direnean.

Aezkoako kasuan, linea bat kendu eta dena moldatu izan dute bertakoen iritzia eskatu gabe. Aldaketa hauek haur eta nerabeen segurtasunean eragin zuzena duela salatu egin dute gurasoek, eta horregatik elkarretaratzeak egiten ari dira egunero Garraldako Eskola sarreran. Asteazkenean Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkartu ziren Basaburuako gurasoekin batera, eta ez dute baztertzen garraio greba egitearena. Hala ere, gaur bertan dute bilera Departamenduarekin eta ikusteke dago zein den emaitza.

Aste honetan bertan, Irati Irratian Guraso Elkarteko Nere Ubaurekin egin dute elkarrizketa egoera honen berri ematen.

Antzingo eskolan ere garraio grebari ekin diote

Aste honetan hasi dute ikasturtea Antzingo zentro berrian, eta horrekin batera Arteaga, Ganuza, Metauten, Ollobarren, Ollogoyen eta Zufiako A/G eta B/D ereduetako Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxe hau hautatzeko aukera eman diete. Orain arte Lizarrako Remontival ikastetxeari atxikita zeuden. Guzti horrekin pozik agertu da Lokiz Guraso Elkartea. Hala ere, dena ez da poza, izan ere Antzingo eskolara doazen haur gehienak garraiatuak dira, eta ikastetxeak hartzen duen eremua handitu den arren, linea kopuru berari eutsi zaio (2), hauetako bati 20 km gehituz, eta ondorioz 25 minutuko ibilbidetik 45-50 minutuko ibilbidea izatera pasatu da.

“Ez du inolako zentzurik, ez baita ibilbidearen jarraipena, 20km egin eta desegin behar baitituzte aurreko geltokira itzultzeko. Alegia, Murietan gelditu (ikastetxetik 3,5 km-ra), bertako haurrak utzi eta gainerakoekin 20 km-ko ibilbidea egiten dute Metautenera. Han geldialdia egin ostean bueltan datoz berriz ere Murietara, eta gero beste15 burutu behar dituzte kontrako norabidean jarraitu eta Berrotzako txikiak etxera eramateko”. Egoera hau irudikatzeko bideo bat prestatu dute.

“Antzingo eskolako familiek uste dugu kasu honek beste behin ere agerian uzten duela lurraldetik eta errealitatetik urrun dauden bulegoetatik hartutako erabakiak direla. Landa-eskolak ez du promesarik behar; ezta hauteskunde-kanpainako lelorik ere. Landa-eskolak ziurtasunak, zerbitzuak eta batera hartutako erabakiak behar ditu, eta batez ere erantzun beharreko beharrak ezagututa harturikoak”, diote Lokiz Guraso Elkartetik.

Hezkuntza Departamentuari eskatzen diote “lehenbailehen konpon dezala garraioarekin sortu duen arazoa” eta “zerbitzu duina” eskaintzeko helburuarekin duela hilabete batzuk lehenago egindako eskaerei erantzutea. Egoera konpondu arte, iragarri dute
ez dutela autobusa erabiliko itzulerako ibilbidean protesta gisa. “Gure ustez, landa-eremuak eta bertako eskolek kalitatezko zerbitzua eskaintzeko tresna espezifikoak ez dituzten bitartean, ez da gure herri eta bailaretarako benetako etorkizunaren aldeko apusturik egingo. Helburu horiek bilatzen dituzten guztiek ondoan aurkituko gaituzte, irribarrez lan egiteko eta eraikitzeko gogoz”.

Gehiago