Ezkabako 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela ohartarazi du LABek eta etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak exijitu ditu

LABek Txantrea auzoko Ezkabaurbanizazioko auzokideekin elkartu da berriz ere gaur arratsaldean, 2027rako aurreikusita dagoen babes ofizialeko 190 etxebizitzaren berehalako deskalifikazioa salatzeko eta Nafarroako Gobernuari etxebizitzarako sarbidea eta egonkortasuna bermatzeko duten premiazko neurriak eskatzeko.

2026-ko maiatzak 21

Ezkabako etxebizitza horien deskalifikazioa ez dela kasu isolatua ohartarazi du sindikatuak, iraganeko etxebizitza politiketatik eratorritako egiturazko arazo baten adibidea baizik. Egoera horri esker, etxebizitzak merkatu librera pasatzen dira prezio mugarik gabe, eta horrek, LABen arabera, atea irekitzen die alokairuen neurriz kanpoko igoerei, kontratu ezegonkortasunari eta bertako familiak kanporatzeko arriskuari.

Erakunde sindikalak azpimarratu du etxebizitza ezin dela “soilik etekin ekonomikoaren logikari lotutako merkatu ondasun gisa tratatzen jarraitu”, eta erakunde publikoek babestu eta bermatu behar duten oinarrizko eskubidea dela defendatu du.

Zentzu horretan, “Higiezinen Patronala” delakoa salatu du LABek, eta langile klasearen ahalegin ekonomikoaren kontura irabaziak lortzea leporatzen dio. “Irabazi amaigabeak lortzen dituzten bitartean, ehunka familia kalean gera daitezke”, adierazi du sindikatuak, higiezinen espekulazioari amaiera eman eta diru publikoarekin eraikitako etxebizitzak esku pribatuetan edo funts putreetan buka ez daitezen eskatuz.

Hori dela eta, sindikatuak lau eskaera nagusi helarazi dizkio Nafarroako Gobernuari. Lehenik eta behin, datorren urtean “zero etxegabetze” aplikatzea exijitzen du, egoera konpondu bitartean. Bigarrenik, kaltetutako etxebizitzak desjabetzea eskatzen du, deskalifikatzea saihesteko eta alokairu sozialeko parke publikoan geratzea bermatzeko, titulartasun eta kudeaketa publiko iraunkorreko ereduen bidez.

Era berean, alokairuaren prezioen jaitsierak arautzea planteatzen du, biztanleriaren errealitate ekonomikora egokitzeko eta espekulazio dinamikak geldiarazteko. Azkenik, alokairu-kontratu mugagabeak ezartzea proposatu du, egungo urteko berritzeak ordezkatzeko, ziurgabetasuna eta bizitegi-prekarietatea sortzen baitute.

LABek babes mezua helarazi die Ezkabako bizilagunei ere, eta mobilizatzen jarraitzera animatu ditu, “bidea luzea izan arren, gatazka honen garaipena gurea izango dela” ziurtatuz

Gehiago