Testak Iruñeko etxegabetu nahi dituen familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazio jendetsuak konponbide bat eskatu du alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat. LABek dei egin du putre funtsak Nafarroatik botatzeko eta higiezinen patronalaren aurkako borrokan jarraitzeko, azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartuz.

2026-ko urriak 17

Testa funts putreak kaltetutako familiek euren etxebizitzetan jarraituko dutela iragarri dute arratsalde honetako manifestazioan. Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako 507 familia dira etxebizitza hauetan bizi direnak, hamarkada honen hasieran Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa galdu zutenak. “Ez gaituzte botako. Antolatuta gaude. Bukaeraraino borrokatuko dugu. Eta irabazi egingo dugu! Ez gara joango! Geratuko gara! Gora botere maizterra! “, aldarrikatu dute Baluarte plazatik abiatu eta Gazteluko Plazan amaitu den manifestazioaren ekitaldian.

Testa Residencial, Blackstone inbertsio funtsaren filiala, maizterrek beren etxeak utzi eta hurak saldu nahi dituela salatu dute familiek. Maizter horietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen, eta 150.000 euro baino gehiago ordaindu dituzte alokairuan. Familiek gogorarazi dute, gainera, etxebizitzak finantziazio publikoarekin eraiki zirela, nahiz eta haien jabetza esku pribatuetan dagoen.

Egoera horren aurrean, familiek Nafarroako Gobernuari eskatu diote etxegabetze mehatxuak geldiaraztea, etxebizitza horiek desjabetzea eta haien titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartzea, alokairu kontratu mugagabeak eta prezioen jaitsierak egungo errealitate ekonomikora egokituak.

Nafarroako PPk aurkeztu duen helegitea salatu dute Ezkabako bizilagunek

Ekitaldian Ezkabako bizilagun batek ere hitz egin du. Babesa adierazi die Testak kaltetutako familiei eta kritikatu egin du PPk Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea, ekainean onartutako Etxebizitzari buruzko Foru Legearen aldaketaren aurka egiten duena. Legearen aldaketak alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak merkatu librera pasatzea eragozten du, Nafarroako alokairu parkeko 2.248 etxebizitzaren kalifikazio babestua mantenduz. Ezkabako bizilagunak ohartarazi du helegite honek Ezkabako bizilagunak arriskuan jartzen dituela berriz: “Atea irekitzen du Testako maizterrekin gertatzen ari dena guri gertatzeko”.

LABek kritikatu du “gobernuek hamarkadetan ezarritako etxebizitza politikek egoera jasanezin honetara ekarri gaituztela”, eta eskuinari eta eskuin muturrari leporatu die higiezinen patronalaren interesak eta putre funtsak defendatzea maizterren interesen aurrean. Era berean, Chiviteren Gobernuari interpelazio zuzena egin dio: “Nafarrok ordaindutako Babes Ofizialekoak izan diren etxebizitzak nafartarronak dira. Etxebizitza hauek guztiak desjabetu egin behar dira, espekulazioari ateak itxiz.”.
LABek mezu argia bidali du: “Putre funts guztiak Nafarroatik kanporatuko ditugu eta ekintza sindikalaren bitartez Higiezin Patronalari aurre eginen diogu.”. Sindikatuak ohartarazi du borrokak manifestaziotik harago jarraituko duela, eta datorren azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du.

Gehiago