“Etxebizitzaren auziarendako berehalako erantzun bat” eskatu du Ernaik zenbait herrietan egindako mobilizazioetan

2026-ko urriak 6

Iturria: Erran.eus

Azken asteetako gertakarien harira, agendaren erdigunea hartu du etxebizitzak eta Euskal Herriko 26 herritan mobilizatu ziren atzo Etxebizitza duinaren alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera lelopean.

Atzo jakinarazi zuen Espainiako presidenteak hauteskundeak azaroaren 29ra aitzinatuko dituztela eta, horren harira, «PP-VOX gobernu baten aukera epe laburrean eman daitekeen errealitate bat dela» azaldu zuten. Hortaz, «mobilizazioa ultra eskuinaren kontrako erantzun gisa ere» aurkeztu zuten eta bi auziak, etxebizitzarena zein ultraeskuinarena, «bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunaren ondorio» direla erran zuten.

Izan ere, «kapital metaketari eusteko, geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinenera kondenatuak izaten ari gara. Honek gure bizitzako ardatz guztiak zeharkatzen ditu, eta etxebizitzaren kasuan arras modu argian ikus dezakegu. Oinarrizko eskubidea beharko lukeena negoziorako bitarteko bihurtu dute».

Egoera horretan, «herritarrak otzan mantentzeko ultra eskuina indartzen ari da. Hau da, ultra eskuina kapitalismoak berak sortutako arazoei ematen dion erantzun autoritarioa da. Milaka pertsona etxebizitza duinaren alde mobilizatzen diren bitartean, PPk eta VOXek arazoa pertsona migratuetan kokatu nahi izan dute nagusiki, eta horrekin batera, manifestarien zuzeneko kriminalizazioa bultzatu dute».

Horren aitzinean, «hemen badago duintasunez eta askatasunez bizi nahi duen herri bat. Ez diegu zentimetro bakar bat ere utziko, eta hain zuzen horretarako egin dezakegun onena Euskal Herria eraikitzen segitzea da. Ez baita aski faxismoaren aitzinean erantzutea, faxismoari alternatiba oso bat gainjarri behar diogu. Euskal Herrian badugu aukera herritar oro duintasunez biziko den Euskal Errepublikarantz bide egiteko».

Gehiago