Testa putre funtsaren jabetzako etxeetan bizi diren bizilagun batzuk Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatzen hasi dira

Atzo egindako batzar batean “bloke guztien artean indarrak batzeko garaia” dela ondorioztatu zuten.

2026-ko ekainak 1

Testa Residencial putre funtsaren jabetzako etxeetan bizi diren hainbat lagun bildu ziren Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko asanblada orokorrean. Hainbat bloketako bizilagunek asteak zeramatzaten sindikatuarekin batera antolatzen, eta orain “bloke guztien artean indarrak batzeko garaia” dela ondorioztatu dute.

Asanbladan, bloke bakoitzaren egoera partekatu, arazo komunak identifikatu, zalantzak argitu eta auzoen arteko borroka bateratuaren lehenbiziko urratsak definitu zituzten, sindikatuaren arabera. Hala, “datozen asteetan kaltetutako bizilagunak ekimen ezberdinak egiten hasiko dira, haien egoera sozializatzeko eta eskakizunak plazaratzeko helburuz”, dio zabaldutako oharrak.

Testa Residencial putre funtsa Nafarroako errentatzailerik handiena dela gogoratu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Iruñerrian, zehazki, 500 etxebizitza baino gehiago ditu alokairuan. Etxe hauek Artikaberrin, Arrotxapean, Ipar Etxabakoitzen, Sanduzelain eta Buztintxurin daude, eta hasiera batean alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza gisa sustatu ziren arren, 2017tik aurrera kalifikazioa galtzen hasi ziren. “Hain zuzen ere, urte horien inguruan Testak etxeak erosi zituen, eta handik gutxira prezio igoerak iragarri zizkien maizterrei. Bizilagunek Hipotekak Kaltetutakoen Plataformarekin batera egindako borrokari esker Nafarroako Gobernuak eta Testak akordio bat sinatu zuten igoerak mugatu eta bizilagunak diruz laguntzen jarraitzeko, baina akordioaren amaiera gertu dago eta Testak etxebizitzak merkatu librean saltzeko asmoa erakutsi du”, aipatzen du Etxebizitza Sindikatuak . Horretarako bizilagunak kanporatu nahi dituela salatu dute.

Gehiago