Azaroaren 25an indarkeri matxista salatuko da berriz ere
Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeon Plataformak manifestazio bat antolatu du asteazken honetarako Iruñean, arratsaldeko 20etan.
2015-ko azaroak 23
feminizidioa salatzeko aukera berri bat izanen da asteazkenean. Emakumeen kontrako eraso eta erailketen aurrean gaitzespen argia eta irmoa agerrarazteko manifestazio eta ekimen ezberdinak antolatu dira Euskal Herriko geografia osoan. Izan ere, aurten, Euskal Herrian, 6 emakume erail dituzte. “Eraso fisiko, psikiko eta sexualak pairatzen jarraitzen dugu. Nafarroan, urteko, milatik gora salaketa jartzen dira. Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren Genero Indarkeriaren Behatokiko datuen arabera, 2015eko urtarrila eta ekaina bitarte 613 dira Nafarroan jaso diren salkaketak. Kopuru asaldagarria zalantzarik gabe”, adierazi dute gaur goizean Iruñean emandako prentsaurrekoa.
Erakundeetatik, ustez arazo honen konponbiderako aurrera eramaten ari diren politikak garrantzigabe eta murritzak direla salatzen dute. “Emakumeen kontrako bortizkeriari buruz asko hitz egiten da, baina ez zaio aurre egiten behar bezala”, kritikatzen dute. “Indarkeria matxista eremu publikoari dagokiola eta agenda politiko guztietan lehentasuna izan behar duen gaia” dela uste dute.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan “inboluzioa ematen” ari dela ere pentsatzen dute. “Gertaerak kontatzen dira, baina gertaera isolatu gisa aurkezten dira. Ez da irakurketa oso bat egiten, ez eta azpimarratzen egiturazko indarkeria dela, baina gainera ez da sakontzen indarkeri hau iraunarazten dituzten oinarrietan”, salatu dute.
Komunikabideek gai honi ematen zaion tratamendua ere salatu dute. “Onartezina den hizkuntza erabiltzen dute, morboa bilatuz. Eraso beraren eta erasotua izan den emakumearen bizitzaren inguruko xehetasunetan zentratzen dira, erasotzailearen edota indarkeria sexistaren oinarrietan zentratu beharrean”.
Aurten, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko lege berri bat adostu zen, baina eraginkorra izan dadin garatu beharra dela azpimarratu dute. “Horretarako beharrezkoa da Legean aurreikusten diren neurri generikoak praktikan jartzea ahalbideratuko dituzten plan integralak edota sektorialak, hala nola aipatu neurri hauek aplikatzeko behar den aurrekontu egokia onartzea”.
Azaroaren 25ean, Indarkeria Sexistaren aurkako nazioarteko eguna dela, eta kalera ateratzeko deia egiten dute. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu “Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeon Plataformak” datorren asteazkenerako, azaroaren 25erako, arratsaldeko 20,00retan Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzea”.