Beste 7 torturatu aitortu ditu ofizialki Nafarroako Gobernuak

1976. eta 2002. urteen artean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotutako lagunak dira Gobernuak aitortu dituena 16/2019 Foru Legearen babesean. Batzuk, behin baino geihagotan izan ziren torturatuak.

2026-ko apirilak 29

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aste honetan eman dituen zazpi aitortza berriak positiboki baloratzen ditu Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik. “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko”.

Onartutako pertsonen izenen zerrenda ere zabaldu dituzte: Javier López de Uralde Sáez de Buruaga, Brigada Politiko Sozialak torturatua 1974an; Santiago Hermida Diaz, Guardia Zibilak torturatua 1982an; Karmelo Irujo Sanz, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1985an; Julian Nazar Nuin, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1985an; Alberto Pio Oyaga, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1995, 1996 eta 1997an; C. Barbarin, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1996an; Jorge Chocarro Zoco, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1996an eta Guardia Zibilak 2002an.

Hala ere, argi adierazi nahi izan dute “Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki” nahi bada.

Ohar baten bidez, azpimarratu nahi dute ere Errekonozimendu eta Erreparazio batzordeak ofizialki
aitorturiko zazpi pertsonak torturak jasateagatik aitortu direla “giza eskubideen urraketen biktima” modura.

Azken ebazpen hauekin 129 pertsona dira jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Egiari Zor Fundazioak eta Torturatuen Sareak zabaldu dituzten datuen artean, hauek dira azpimagarriak: 7 hildako, 90 pertsona torturatu, 21 pertsona lesio fisiko eta/edo psikologikoekin, kalte materialak pairaturiko 2 pertsona…

Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera animatzen dituzte, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest agertu dira.

Gehiago