Arrotxapean atzo okupatutako lokala desalojatu du Espainiako Poliziak

Arriasko gazte taldeak ehundaka gazte elkartu zituen atzo "kapitalismoari kontra egingo dion proiektu honi hasiera emateko". Gaur goizean, Poliziak desalojatu du.

2026-ko apirilak 25


Errotxapean 5 urteren ondoren gaztetxe berria zegoela zabaldu zuten atzo, Subegi Gaztetxea izena jarri ziotena. Gaur goizean, aldiz, Espainiako Poliziak desalojatu egin du lokala eta hainbat lagun atxilotu egin dute. Arratsalderako elkarretaratze bat deitu dute auzoan.

Atzo izan zen okupazioa eta jarraian komunikatu bat zabaldu zuten. “Gerra inperialista bizitzen ari garen honetan, krisi kapitalistaren ondorioak larriagoak bihurtu dira gazte langileontzat. Lan prekarioak, emantzipatzeko zailtasuna, kirola egiteko eta aisialditaz disfrutatzeko zailtasun ekonomikoak. Bitartean, gazteriaren artean ideia matxistak, arrazistak, klasistak eta orokorrean, faxistak zabaltzen ari dira. Egoera honen aurka borrokatzen lagundu behar duen tresna da gaztetxea. Hau da, gazteak elkartzeko, formatzeko eta kapitalismoaren logikatik kanpo antolatzeko proiektua”, aipatu zuten ohar horretan.

Gazteek adierazi zutenez, erabilerarik gabe dagoen espazio honetan egokitze zein txukuntze lanak egiten ibili dira hainbat astez. “Horregatik, espazio hau berpiztera gatoz, gazteon interesak kontuan hartuta, beste gizarte eredu bat bultzatzeko asmoz”.

Errotxapeako gazte zein ikasleei dei egiten zieten gaztetxearen proiektura batzeko desalojoa burutu baino ordu batzuk lehenago. “Espazio hau gazte langileon artean eraiki eta eraldatu behar dugu. Aste hauetan zehar ez gara geldituko, egitarau oparoa antolatu dugu. Hurbildu zaitez auzolan, egitarau eta asanblada irekiera, zure ideiekin gaztetxea indartuko dugulako.”

Gaur, Gazte Mugimenduaren aurkezpena

Bere aldetik, Errotxapeako Gazte Mugimendu berriak bere ekimena aurkeztuko du gaur “Errautsetatik” leloa hartuz. Egunean zehar hainbat ekimen prestatu dituzte, eta eguna kontzertuekin amaituko dute.

Gehiago