Apirilaren 25ean Palestinako herritarren aldeko manifestazio nazionala eginen da Donostian

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deialdia egin du apirilaren 25ean nazio mailako mobilizazioa egiteko Donostian (Alderdi Eder 17:30ean). Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan “Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez!” lelopean eginen da manifestazioa.

2026-ko apirilak 1

Palestinan eta mundu mailan “egoera jasanezina” denean iristen da deialdi hau, “nahikoa da” esateko ordua dela uste du Gernika Palestina ekimenak.

Iniziatiba honen bultzatzaileen iritziz, Palestinan egiten ari den genozidioari “ez zaio konponbide politikorik” eman, eta erasoak jarraitzen du. Gainera, Gazan “ezinbestekoa den laguntza humanitarioa ez da heltzen eta oztopoak baino ez ditu aurkitzen”, eta bada garaia Palestinaren aitortza eta errespetua eskatzeko.

“Bi urte baino gehiago daramagu Euskal Herritik Palestina babesten eta euskal gizartea aktibatzen eta artikulatzen”, eta mobilizazio berri hau ildo horretan kokatzen dute. Bestetik, ezin dute ahaztu Ekialde Hurbilean bizi den gatazka eta gerra giroa. “Israel Gazan gelditu izan bagenu ez geundeke horrela”, ziurtatzen dute Gernika Palestina ekimeneko bozeramaileek. “Genozidioa, gerra, biolentzia, mehatxuak, blokeoa, krisi humanitarioa, desplazamenduak, goseteak, bahiketak… naturalizatu dira. AEBekin batera, inpunitate osoz, biolentzia eta basakeria baliatu dute beren interes geoestrategikoak inposatzeko. Munduaren egoera jasanezinaren erantzule nagusiak dira”, salatu dute.

Gerra kontinente guztietara zabaldu dela eta nazioarteko legedia etengabe urratzen dela ere salatu dute. Honen Euskal Herria ezin dela besoak gurutzaturik geratu eta euskal gizarteari mobilizatzeko, eta aktibatzeko deia egiten diote. “Gernikaren herritik genozidiorik ez, gerrarik ez! aldarrikatzen dugu. Arazoa ez da Palestina, arazoa da gauzak egiteko nazioarteko ordena berria ezinbestekoa dela. Ezin dute inpunitaterik izan, epaituak izan behar dira”.
Israelekin harreman guztiak eten behar direla arlo guztietan ere gogoratu dute. Gainera, Euskal Herrian ere gerra eta genozidio honen ondorioak ere pairatuko ditugula aurreratu dute. “Ondorioak ez dira soilik lurralde horientzat, zibilizazio osoak eta Euskal Herrian ere jasaten ari gara. Herritarrak gara kalteak ordaintzen ditugunak. Guk jartzen ditugu hildakoak. Gerrek eta genozidioek ez dute justifikaziorik”.

Elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatu dituzte “bakea eta justizia erdiesteko” eta horrela aldarrikatuko da Donostian apirilaren 25ean. “Beste behin Gernikaren herritik munduari inpaktu-irudi bat eskainiko diogu, Gernikaren bonbardaketaren basakeria gogoan, genozidiorik ez! gerrarik ez! aldarrikatzeko.”

Gehiago