NIZEk 2026-27 ikasturterako matrikula kanpaina berria aurkeztu du
Kalitatezko eta euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko kanpaina berria aurkeztu du NIZE elkarteak
2026-ko otsailak 27
NIZE elkarteak 2026-2027 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du. Elkarteko kideek azaldu dute aurtengo kanpaina honek hezkuntza publikoaren konpromisoa berresten duela euskaraz, inklusiboa, eleaniztuna eta kalitatezkoa den hezkuntzaren alde. Aurten, Pello Reparaz, Zetak taldeko abeslaria, eta Uxoa López ikertzailearen laguntza izan dute, biek hezkuntza publikoaren eta euskararen aldeko apostua egin bait dute.
Gaur egun, Nafarroako Foru Komunitatean 184 ikastetxek eskaintzen dute D eredua. Hezkuntza publikoko 22.135 ikaslek matrikulatuta daude eredu honetan. Eta datu hauek, proiektuaren sendotasuna eta elkartearekiko familien konfiantza handitzen ari dela erakusten dutela adierazi dute NIZEtik. “D ereduak euskarazko irakaskuntza bermatzen du ikaslearen garapen integrala bultzatzen duen bitartean. Bi hizkuntza ofizialetan trebetasun maila ona lortzeaz gain, hirugarren hizkuntza baten ikaskuntza ere sustatzen du, ikaslea gero eta globala eta anitza den testuinguru baterako prestatuz” gehitu dute. Kanpaina honen bidez NIZE elkarteak familiei D ereduko hezkuntzaren abantaila pedagogiko, kultural eta sozialak gerturatu nahi dizkiela azaldu dute, baita irakasleen eguneroko lana ikustarazi ere.
Jaiotze tasaren beherakada orokorrak Nafarroako hezkuntza-sistema osoan eragiten duela, eta beraz, D ereduan ere eragin duela adierazi dute elkarteko kideek. Baina, hala ere, testuinguru demografiko konplexu honetan, hezkuntza publikoak aurrera egin behar duela aldarrikatu dute. Eta horretarako, bere izaera inklusiboa indartuko duela, euskararekiko konpromezua berretsiko duela eta etorkizunerako prest dagoen kalitatezko eta ekitatezko hezkuntza publiko sendoaren aldeko apustua egingo duela diote NIZEko kideek. Kalitatezko eta euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko konpromisoa
berretsi nahi du elkarteak, eta horregatik familiei D ereduko ikastetxeetako proiektuak zuzenean ezagutzeko gonbidapena luzatzen diete.
