Euskal Herriko delegazio sozial bat Rojavara iritsi da, Siriaren menpeko Kurdistanen egoera larria bertatik bertara ezagutzera

2026-ko otsailak 16

Euskal Herriko lau pertsona iritsi Siriaren menpean dagoen Kurdistango Rojava zonaldera. Aktibista hauek lurralde honetan bizi duten muturreko egoera ezagutzera eta une honetan dagoen su-etena egiaztatzera joan dira.

Euskal delegazioak jakitera eman duenez “egoera oso kritikoa da” Rojavan. “Gaur egun indar kurduek Siriako Gobernuarekin su-etena sinatuta badaukate ere, oso hauskorra da akordioa, deskonfiantza da nagusi bi aldeen artean. Kobane hiria setiaturik izan dute Siriako Gobernuko indarrek eta gaur egun inguratuta dago. Beren bizkarrean, Turkiak eraikitako harresi izugarri bat dute, eta hortik ezin da ihes egin. Internazionalisten hitzetan, kurduen aurkako sarraski bat gertatzeko “aukerak oso handiak dira”.

Kobane errefuxiatuez gainezka dagoela ere azpimarratu nahi izan dute. “Azken aldian milaka pertsona iritsi dira bertara Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik ihesi. Asko mezkitetan, eskoletan edo beren autoetan ari dira lo egiten. Kobanek ez dauka nahikoa elikagairik egoera honi aurre egiteko. Elikagai eta ur faltari gehitu zaizkie bi astez pairatu duten elektrizitate mozketa. Kobanen elurra ari zuen bitartean, bertan pilatutako herritar eta desplazatuak berogailurik gabe izan dira.
Jakinarazi digutenez, Kobanen beldurra dute yihadistek akordioa apurtu eta hirian sarraski bat eragingo
ote duten, dagoeneko drusoekin eta alaui komunitateekin egin duten bezala”.

Kobane eta Rojava, iraultzaren ikurrak
Kobanek mundu mailan arreta deitu zuen 2015ean Estatu Islamikoa kanporatu zuelako armada kurduak,
zenbait hilabeteko batailaren ostean. Protagonismo nabarmena izan zuten garaipen hartan emakumeen
unitate armatuek. Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta,
proiektu politiko hau asko garatu da eta erreferente eztabaidaezina bilakatu da nazioartean. “Mundu
justuago baten alde gauden herritar guztiok defendatu behar genukeen proiektua dela uste dugu, eta
gaur egun, erabat mehatxatua dago”, iritzi dute euskal delegazioaren kide hauek.

Bidaiaren xedea ere bada “Euskal Herriaren berotasuna” eramatea, “ez daudela bakarrik” sentiarazteko eta bueltan ikusi dutenaren berri emateko Euskal Herrian. “Asmoa da bertako herritarren etxeetan lo egitea eta bertako eragile politiko eta sozial ugariren bitartez, beren proiektuaren xehetasunak jaso eta gaur egun egoera nola dagoen ulertzea”.

Kurduak, 4 estatuetan banatutako herria

Kurdistan Turkia, Siria, Iran eta Irak estatuetan banatutako herria da. Osotara, 35 milioi pertsonek osatzen dute kurduen herria. Horietako 2 munduan bizi dira. Bereziki nabarmena da Alemanian dagoen komunitatea.

Gehiago