Hezkuntza publikoaren gehiengo sindikalak Lanbide Heziketako irakasleak kaleak hartzeko deitu ditu otsailaren 28an

2026-ko otsailak 6

Azaroan egindako Lanbide Heziketako hiru greba egun egin eta gero, otsailaren 28an kaleak berriz hartzeko deitu dituzte STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Hezkuntza Departamentuari Lanbide Heziketaren arazoei heltzeko eskatuko diote. Izan ere, Departamenduak Mahai Sektorialean Lanbide Heziketako ikasleen enpresetako egonaldien kudeaketa errazteko tutoreentzat 300 orduko eskaintza egin bazuen ere, hori ez dela aski uste dute sindikatuek.

“Eskaintza horrek agerian utzi du Hezkuntza Departamentuaren ikasturte hasierako plangintza ez zela egokia izan eta baliabideak ez direla nahikoak. Egungo planteamenduarekin, irakasleak gainezka daude eta zailtasunak areagotu egin dira Lanbide Heziketa Dualaren aurreko planarekin alderatuta”.

“Aurreko ikasturtean ANPEk, AFAPNAk eta UGTk gutxiengoan sinatu zuten Itunean, Lanbide Heziketa bertatik kanpo utzi zuten, ikasle errepikatzaileak gutxiesten dituzte, eta ratioen ustezko jaitsiera hutsala irudikatu zuten, Lanbide Heziketan nabarmen urratzen dena”, beste sindikatu hauen ustez. Hala ere, mobilizazioen bitartez irakasleek egindako presioari esker, Hezkuntza Departamentua eta Nafarroako Gobernuak LH Dualeko tutoretza lanetarako esleitutako orduak handitzera behartu dituztela azpimarratzen dute. Esan bezala, eskaintza ez dela nahikoa uste dute.

“Gehiengo sindikala ez dago hezkuntza publikoan egindako inbertsio igoeraren aurka. Neurri honek, ordea, ez ditu LH Dualaren kudeaketak eskatzen dituen beharrak asetzen, eta urrun gelditzen da plan zaharreko orduak parekatzeko aldarrikapenetik. Horregatik, presioa egiten jarraituko dugu Departamentuak negoziatzen jarrai dezan, eta hezkuntzan inbertsioa handitu dadin”, diote
STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek.

Horregatik guztiagatik “kalitatezko LHk behar dituen baliabide guztiak lortzeko” gehiengo sindikalak mobilizazioekin jarraituko du, eta hezkuntza-komunitate osoa, bereziki LHko kolektiboa, otsailaren 28an manifestazio batera deitzen dute.

Gehiago