Hezkuntza sistema propio eta euskalduna eskatuko du kalean Ikamak abenduaren 11an
2025-ko azaroak 29
Ikama ikasle mugimenduak abenduaren 11an Hego Euskal Herriko hiributuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu ikasleak. Ikasle greba honek euskararen arloko 60 eragile eta norbanako baino gehiagoren babesa jaso du, eta hezkuntza sistema publiko, komunitario eta euskalduna aldarrikatzeko xedea du.
Ikamak euskara larrialdi betean dagoela ideiarekin bat egiten du. XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera eman zen susperraldi prozesuaren agorpenean ez ezik, atzeraldian sartzen hasita gaudela dio, eta testuinguru honetan ulertu behar dela azken garaietan euskarak jasan dituen eraso judizial, mediatiko zein soziopolitikoak. Horiek guztiak euskararen aurkako oldarraldia osatzen dutela azpimarratu du Ikamak.
Horrekin batera, gaur Iruñean Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiarekin irudikatuko nahi izan dute Vascuenceren Legearen aurkako jarrera. Abenduaren 15ean lege honen 39. urteurrena izanen da, eta arau honek euskaraz ikasteko eta bizitzeko ezartzen dituen mugak salatu nahi dituzte.
Abenduaren 11an eginen den mobilizazioa Iruñeko hezkuntza Departamendutik abiatuko da, eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldarrikatzeaz gain, hezkuntza sistema propio bat eskatuko dute euskararen biziraupena bermatzeko. Hezkuntza sistema “euskalduna, irisgarria eta kalitatezkoa” izan dadin hartu beharreko neurriak har ditzaten ere eskatuko dute.
