Errigorak 256.500€ bideratuko ditu aurten Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara
2025-ko azaroak 21
Errigoraren Euskarari Puzka kanpainaren hamabigarren edizioa beste mugarri bat jarri du euskararen aldeko borrokan. Auzolan bidez eta ehunka lagunek egindako lanari esker, 256.500€ bideratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzaren lana posible egiteko.
“Ezinbestekoak euskararentzat Agerrean” lemapean, Errigorak Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzako eragileen lanari aitortza eta garrantzia eman nahi izan dio aurtengo kanpainarekin, eta lortutako dirua AEK, Sotzen, Ikastolak eta Agerraldia eragileek egiten duten lana babesteko bideratuko da.
“Hango eta hemengo eskariak ongi bildu eta zenbakiak txukundu ostean, esan dezakegu, aurtengoa ere oso kanpaina emankorra izan dela. Izan ere, 16.400 saski eskatu dira guztira. Horitako bakoitzaren balioaren laurdena ekarpen ekonomikoa dela kontuan hartuz, 256.500€ bideratuko dira aurtengoan Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera, iaz baino 18.000€ gehiago”, eman dute jakitera Errigorako lagunek.
Horregatik azpimarratu nahi izan dute kanpaina arrakastatsua izan dela. “Urtetik urtera harrera eta emaitza hobeak” lortzen direla nabarmendu dute. “Elkartasun kanpaina bat hainbeste urtez bizirik mantentzeak lan handia eskatzen du; eta hortaz, aipamen berezia egin nahiko genioke urtez urte bere lekutik tinko lanean jarraitzen duen Errigorako kide orori. Kanpaina honen bihotza auzolana da. Iragan ditugun egunetan horrek itzulpen nabaria izan du: Ablitaseko auzolan erraldoia, herriz herriko ekimenak, San Fermin ikastolako auzolana, ekoizleen arteko auzolana, banaketan laguntzeko bildu diren bolondresak…”
Orain, saskien banaketa faseari ekingo diote. Ondoko egun eta asteetan zehar iritsiko dira herri eta auzoetako banaketa-puntuetara Errigorako saskiak. Emailez jakinaraziko zaie eskatzaileei non eta nola bildu behar dituzten.
