Palestinaren genozidioaren kontrako Unitate Didaktikoen aurkeztu du Irakasleok Palestinarekin taldeak

2025-ko azaroak 20

Irakasleok Palestinarekin printzipio batetik abiatzen den mugimendua da. “Hezkuntza ezin da neutrala izan eta ezin dugu ikasturtea normaltasunez hasi Israelek Palestinan genozidio bat gauzatzen ari denean”, eta gaur azaroak 20, Nazioarteko Haurtzaroaren Egunean, unitate didaktiko bat aurkeztu du genozidioa ikas geletan jorratzeko.

“Nazio Batuen Erakundeak berak adierazi duenez, azkeneko bi urte hauetan Israelek hil egindako haur kopurua azkeneko hamarkadan munduko gatazka armatu guztietan hil direnak baino gehiago izan dira. Bertan lan egin duten medikuek salatutakoaren arabera, nahita eragindako heriotzak izan dira, batzuetan haurrek bi tiro jaso dituztelarik, bat buruan eta bestea bihotzean, genozidioaren helburu estrategiko-militar argia bihurtu baita Israelentzat, emakume haurdunekin batera. Azken hilabetetan ezarritako erabateko blokeoa dela eta, goseteak eraginda, ehunka haur hil dira ere eta estrategia honek Mendebaldeko gobernu gehienen oneritzia edo konplizidadearekin burutzen ari da”, gogoratu dute.

EEBBen eta Europako herrialde askoren konplizidadea salatzeko eta ikasgeletan gaia jorratzeko osatutako unitate didaktikoaren beharra azpimarratu nahi izan dute. “Zer nolako mundua eraikitzen ari gara haur eta nerabeentzat, zigorgabetasun lotsagarri honekin? Nola hitz egingo dugu Nazioarteko Zuzenbideaz gure eskoletan, mugei eta arauei buruz, errespetuaz, enpatiaz, genozidio baten aurrean gure erakundeek ez ikusiarena egiten badute? Nola defendatu dezakegu gure herria eta gure gizartearen osasun etikoa eta demokratikoa hemengo enpresek eta erakundeek Israelekin tratutan badabiltza eta dituzten ‘akordioen’ ondorioz mozkinak lortzen badituzte?”

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako klaseetan lantzeko prestatu dituzten bi Unitate Didaktiko horiek gai ezberdinak jorratzen dituzte. “Elkartasuna, justizia soziala eta giza eskubideen defentsan oinarritutako UDa eratu dugu Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Bereziki, Palestinan gauzatzen ari den genozidioan haurrek jasaten duten egoeraz kontzientzia sortu, enpatia landu eta pentsamendu kritikoa bultzatu nahi dugu, haurrek Palestinan pairatzen duten ahultasuna erakutsiz”, azaldu dute. Bestalde, abenduaren 10ean eta Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Egunari helduz, Bigarren Hezkuntzarako elkarlanean sortutako UDa aurkeztuko dute. “Etapa honetan dauden haur eta nerabeak, etorkizun hurbileko heldu belaunaldiak bait dira, gure etorkizuneko gizartearen gidari, mandatari, langile eta profesionalak izango direnak alegia, beraz, eratu nahi dugun munduaren protagonistak”. Bigarren unitate didaktiko honen eduki, helburu eta neurriak azaltzeko, beste deialdi publikoa egingo dugu abenduaren 10ean.”

Gehiago