“Barañain esnatu” ekimena aurkeztu dute, herriak behar duen aldaketa eskatzeko

2025-ko azaroak 11

Barañain aberastasun sozial eta komunitario handiko herria dela baieztatzeko arrazoi asko daude. Herri bizia da, aniztasun handikoa, kultur eta sozial eragile asko dituena. Hamarkadetan handitzen joan da eta gutxinaka gutxinaka izaera propio irabazi du. Orain, herritar talde batek etorkizunari begira erronka berriei heltzeko deia egin du. Haien ustez, herritarren beharrei heldu behar zaie, eta gaur egungo Udala ez dago horretan. “Adinduen beharrak ditugu mahai gainean: eguneko zentroa, adinduen egoitza, aisialdia eta parte-hartze soziala; kirol, hezkuntza eta kultura azpiegituren berritzea; gazteek Barañainen bizitza-proiektua garatu ahal izateko etxebizitza aukerak; finean, komunitate-sentimenduari bultzada ematea, Barañain harrotasunez sentitzeko”.

Esan bezala, ez dut uste azken urteotan udal gobernuaren aldetik urratsak ematen ari direnik norbaide horretan. “Gaitasun politiko eta kudeaketa faltak Barañain koma egoera batean sartzera eraman du. Prentsan ateratzen diren albisteak ez dira onak: diru-laguntzak galtzea, plangintza eza, amaitu gabe dauden eta betikotu diren obrak, komunikazio eta parte-hartze falta, plantilla organikoak indargabetuta…”

Horregatik erabaki dute ekimen hau martxan jartzea eta aurrera pauso bat ematea, eta akordio zabalak eskatzen dituzte. “Itxaropenez ikusten dugu beste herri batzuetan aniztasunetik akordioak lortzen direla paralisi egoerak gainditzeko; gure herrian, ordea, hori ez da gertatzen. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina uste dugu bultzada herritarra falta dela. Horregatik, eta konbentzituta gaudelako komunitatearen indarra dela aurrera eramaten gaituena, dei egiten ditugu barañaindar guztiak mobiliza daitezen gure herria dagoen koma egoeratik esnatzeko”.

Manifestu bat kaleratzeaz eta atxikimenduak jasotzeaz gain, datorren azaroaren 21ean mobilizazio bat eginen dute herrian. Arratsaldeko 19.00etan abiatuko da Udal plazatik.

Gehiago